Pikete informatiboentzat eskatutako zigorrekin sindikalismoa kriminalizatu nahi dutela salatu dute euskal sindikatuek
2011ko urtarrilaren 27ko greba orokorrean Gernika-Lumon pikete informatibo lanetan ziren hamazortzi lagunentzat 72 urteko kartzela zigorra eta 108.000 euroko isuna datorren asteko greba deialdiari begira «beldurra sartzeko» modua dela salatu dute ELA...
2011ko urtarrilaren 27ko greba orokorrean Gernika-Lumon pikete informatibo lanetan ziren hamazortzi lagunentzat 72 urteko kartzela zigorra eta 108.000 euroko isuna datorren asteko greba deialdiari begira «beldurra sartzeko» modua dela salatu dute ELA, LAB, EILAS, EHNE, ESK eta Hiru sindikatuek. Halaber, horrelako kasuekin sindikalismoa «kriminalizatzeko etengabeko prozesua» dagoela esan dute.
Bilbon egindako agerraldian nabarmendu dutenez, «boterean daudenei ahaztu egiten zaie greba egitea eskubide bat dela, lan duina, osasungintza, hezkuntza edo etxea izatea diren moduan». Horrez gain, 2009tik egin dituzten greba orokorren deialdi desberdinetan izandako balorazio guztietan bi gauza azpimarratu direla diote: lortutako mobilizazio eta atxikimendu maila, eta greba egunetan izandako istilu falta. «Irekitako prozesu judizial honekin bestelako modelo ekonomikoa aldarrikatzen dugunon kriminalizazioa bilatzen da».
Ertzaintzak identifikatu zituen pikete informatibo lanetan ziren hamazortzi lagunak, eta Fiskaltzak orain egin du eskaera. Hain zuzen, bakoitzarentzat hiru urte eta bederatzi hilabeteko kartzela zigorra eta 6.000 euroko isuna eskatzen du Fiskaltzak, hiruna delitu egotzita: ebasketa delitua, kalte materialak eragitea eta langileen eskubideen aurkako delitua.
Auzipetutako lagunak hamazortzi direnez denetara, 72 urteko kartzela zigorra batzen dute denen artean; baita 108.000 euroko isuna be.