
Bisitariak hegaztiei begira eraikin nagusiko behatokian
Hegaztiak behatzeko zaletasuna hazten dabil egunetik egunera, eta Ingalaterran, esaterako, Urriko Azken Astelehenak beste jende batzen dute zenbait azokak. Euskal Herrian be zaletasuna hazi egin da, baina oraindik bide luzea falta da beste leku batzuen mailara heltzeko. Gorakada horretan “mugarria” izateko esperantzagaz, Bizkaiko Foru Aldundiak Urdaibai Bird Center interpretazio zentroaren proiektua jarri zuen martxan 2008an. Zentroa duela urtebete inguru amaitu zuten, baina orain arte zientzialariak bakarrik sartu dira eraikinean.
Horregatik, hegaztien behatokia herritar guztiei zabaltzeko asmoagaz, atzo bisita gidatuak egiten hasi ziren. Lehenengo pribilegiatuak Montorre eskolako haurrak, Urretxindorra eskolako haurrak, adinekoen talde bat eta Iosu Madariaga Bizkaiko Ingurumen diputatua izan ziren.

Iosu Madariaga Aldundiaren ingurumen diputatua, zentroko beharginekin berba egiten
Azken horrek azaldu zuenez, “Bird Center-a ingurumenaren Guggenheima da, eta erreferente bat nazioarteko gainontzeko interpretazio zentroen artean”. Izan be, interpretazio zentroa eta hegaztien behatokia “leku bardinean” daude Gautegiz Arteagan, eta, horrenbestez, ikerketak egitea edota informazioa zabaltzea «errazagoa» da.
Madariagaren berbetan, Aldundia “pozarren” dago herritarrek eraikina bisitatzeko aukera izango baitute aurrerantzean. “Ametsa egi bihurtu da”, esan zuen diputatuak.
Bestalde, interpretazio zentroa ingurumen hezkuntzan aurrerapausoak emoteko lan tresna oso baliagarria izango dela deritzo Madariagak. “Zientzia jakituria zabaltzeko eta herritarrek natura zaintzearen garrantzia barneratzeko ezinbestekoa izango da” zentroa, haren ustez.
Lehenengo bisita gidatuetan parte hartu zuten umeek eta adinekoek, behintzat, “esperientzia edarra” izan zela azaldu zuten bisita gidatua amaitzean. Interpretazio zentroa eta hegaztiak behatzeko etxola bi bisitatu zituzten, “hainbat hegazti mota” ikusiz. Hain zuzen, mokozabalak, ahateak, antzarak, lertxunak eta ubarroiak ikusteko aukera izan zuten, besteak beste. Modu berean, zientzialariek eraikinean egiten duten lana ezagutzeko aukera izan zuten.
Zentroko beharginek nabarmendu zutenez, “hegazti behatzaileen paradisua” ezagutzeko aukera izango dute eraikina bisitatzen dutenek.
Bisita gidatuak
Urdaibai Bird Center-a ezagutu gura dutenek bi aukera izango dituzte hegaztien paradisua bisitatzeko. Alde batetik, astegunetan taldeentzako bisita gidatuak antolatuko dituzte, www.birdcenter.org webgunean hitzordua eskatuz gero.
Zapatuetan eta domeketan, bestalde, familientzako eta norbanakoentzako bi bisita gidatu egingo dituzte: 10:00etan eta 12:30ean. Zentroko beharginek azaldu dutenez, bisita gidatuek ordubete eta bi ordu arteko iraupena izango dute.

Beharginetako bat adineko talde bati azalpenak emoten
Bisita eraikinaren sarreran hasten da, eta bertan Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren inguruko azalpena emoten dute zentroko beharginek. Hortik, bisitariak eraikinean barneratzen dira, eta zientzialarien lana ezagutzeko aukera dute, bideo emonaldien eta langileen azalpenen bidez. Besteak beste, Urdaibaira datozen hegaztiak zeintzuk diren, hegazti horiek nondik datozen eta hegaztiek Urdaibai zergatik aukeratzen duten azaltzen dute.
Azalpenak entzun ostean, bestalde, hegaztiak behatzeko aukera izango dute Gautegiz Arteagako zentrora doazenek. Lehenengo, eraikin nagusiko behatokia bisitatuko dute, eta ostean arbola artean dauden bi behatoki txikiago bisitatuko dituzte.
Zentroko beharginek jakinarazi dutenez, behatoki txikiak egun guztian zehar egongo dira zabalik, eta edonor sar daiteke barrura. “Jendeak berton atsedena hartzen duten hegaztiak ezagutzea eta herritarrak natura zaintzearen garrantziaz jabetzea dira helburuak, eta, horrenbestez, alprojek zerbait apurtu ezean, ateak ez ditugu giltzagaz zarratuko”, jakinarazi dute. Hori bai, hegaztiak behatzeko materiala etxetik eroan beharko dute bisitariek.
Langileen berbetan, “hegazti mota asko eta oso arraroak” ikusteko aukera izango dute Gautegiz Arteagako Urdaibai Bird Center bisitatzen dutenek.