Lekualdatzea egin arte ludotekak behin-behineko neurriak hartuko ditu
Batzokiaren azpian izango duten ludoteka berrira aldatu arte, ludoteka zerbitzuaren arduradunek, «balorazio sakona» egin ostean, behin-behineko neurriak hartzea erabaki dute. Izan be, ludoteka tresna pedagogiko eta hezkuntza baliabide gisa erabiltzea...
Batzokiaren azpian izango duten ludoteka berrira aldatu arte, ludoteka zerbitzuaren arduradunek, «balorazio sakona» egin ostean, behin-behineko neurriak hartzea erabaki dute. Izan be, ludoteka tresna pedagogiko eta hezkuntza baliabide gisa erabiltzea oztopatzen duten zailtasunak eta mugak hauteman dituzte.
Ludoteka baten helburu garrantzitsuena umearen garapen prozesua lantzea dela diote. Horregatik, gaur egun dagoen arazoarekin, Mundakako ludotekan helburu pedagogiko horiek «ez direla betetzen» esan dute. Guzti hori kontuan izanik, epe laburrean ludotekaren funtzionamendua, zerbitzuaren kalitatea eta batez be umeen segurtasuna hobetuko duten behin-behineko zenbait neurri hartuko dira.
Oraindik aurrera eta ludoteka berria martxan ipini arte, gehienez, 15 ume izan ahalko dira. Kopuru hori betetzen den momentuan, muga gainditu dela adierazten duen kartel bat ipiniko dutela jakinarazi dute arduradunek.
Halanda be, erabiltzaile kopurua erregulatu eta zerbitzuaren kalitatea hobetu asmoz, ludotekako ordutegia adinen arabera txandaka antolatzea erabaki dute. Beraz, 8 eta 12 urte bitartekoak zapatuetan egon ahalko dute, 17:30eatik 20:30eara. Domekan, ordu tarte berdinean 4 eta 7 urte bitartekoen txanda izango delarik.