Areto dantzen txapelketa egingo dute domekan
Dantzan egiteko adinik ez dago. Horregatik, domekan, Bermeon egingo den areto dantzen lehiaketarako adin mugarik ez dago. Bost kategoria desberdinduko dituzte, halanda be, kategoriarik jendetsuena umeena izan daitekeela jakinarazi du Jabier Setien aret...
Dantzan egiteko adinik ez dago. Horregatik, domekan, Bermeon egingo den areto dantzen lehiaketarako adin mugarik ez dago. Bost kategoria desberdinduko dituzte, halanda be, kategoriarik jendetsuena umeena izan daitekeela jakinarazi du Jabier Setien areto dantzetako irakasleak. «30 eta 40 bikoteren artean espero ditugu, gehiago badira hobe», dio.
17:00etan emongo diote hasiera txapelketari eta ohi legez Artza frontoian egingo dute. Aurreko urteetan egin bezala, dantza latinoak eta estandarrak izango dira lehian. Epaimahaia areto dantzetako adituak osatuko dute. «Munduko txapelketetan epaimahaikide izaten den Ferran Robira izango da Bermeon», adierazi du Setienek.
Ikusleek be parte har dezakete
Bestalde, bertaratutako guztiek parte hartzeko aukera izango dutela gogorarazi du Setienek «kategoria popularra be egongo baita». Kategoria horretan parte hartu gura dutenek egun horretan bertan emon beharko dute izena frontoian. Tangoa eta pasodoblea dantzatu beharko dituzte «normalean plazan egiten duten moduan, bakoitzak bere modura. Plazatan jende asko ikusten da dantzan eta gero jendeari kosta egiten zaio hona dantzan ateratzea, eta gainera, oso ondo egiten dute».