Atzo, Martxoaren 5a, egun berezia izan zen kostaldeko zenbait herritan. Matxitxakoko Bataila gogoangarriak 75 urte bete zituen, eta euskal gudontzian borroka egin zuten gudariak omendu zituzten herritarrek. Eskualdean be, omenaldi xume bi egin zituzten: Akordan (Ibarrangelu) eta Bermeon. Omenaldia, halanda be, aurretik hasi zen, 17:00etan kanpai eta sirena hotsak entzun baitzituzten Ibarrangeluko eta Bermeoko biztanleek. Ordu horretan hasi zen Bouen eta Canarias gudontziaren arteko bataila, eta ekintza sinboliko horregaz gogoratu zuten itsas borroka hainbat herritan.
Akordan, 19:00etan hasi zuten omenaldia lore eskaintza bategaz. Matxitxako Elkarteko kide batek egin zuen eskaintza, eta ostean, udal ordezkariek hartu zuten berba. Udaleko beharginek Matxitxakoko Batailan parte hartu zuten gudariak goratu zituzten, eta esker oneko berbak izan zituzten horientzat. “Izan be, hamen biltzen garen bakoitzean bataila hori irabazi genuela adierazten dugu” esan zuten berbaldi labur baten ostean.
Bestalde, aipamen berezia egin zioten Juan de Dios Telletxea Bou Nabarrako gudari ibarrangeluarrari. Telletxea bizirik zegoen Bou Nabarrako azken gudaria zen, baina iragan abenduan hil zen. Udalak ez zuen ahaztu gura izan, eta gudariaren omenez jarritako monolitoaren parean azken agurra egin zioten herrikideek.
Udal ordezkariek amaitu ostean, Matxitxako Elkarteko kide batek hartu zuen berba. Zenbait eragilek, tarteanMatxitxako Elkarteak, itsas bataila gogoratzeko sinatu duten akordio instituzionala irakurri zuen ordezkari horrek. Elkarteko kideetako bat, gainera, Telletxeagaz batera borroka egin zuen busturiar baten semea zen, eta ilusio handiagaz egin zuen ekitaldi hasierako lore eskaintza. “Liburu baten jakin nuen aita Bou Nabarrako gudaria izan zela” azaldu zuen.
Bermeon, bestalde, Arrantzaleen museoaren aurrekaldean egin zuten omenaldia. 18:30ean, sirena hotsa jarri zuten barriro, eta ostean, Aingeru Astui Arrantzaleen museoaren zuzendariak adierazpen instituzionala irakurri zuen. Astuik euskal gudontzian borroka egin zuten euskaldunak gogora ekarri zituen, eta horien balentria goraipatu zuen. “Matxitxakoko batailan parte hartu zutenak herritar arruntak ziren, eta halanda be, frankisten Canarias fragatari aurre egiteko gai izan ziren” esan zuen. Astuik amaitutakoan, Idurre Bideguren alkateak lore eskaintza egin zien duela 75 urte Euskal Herrria defendatu zuten gudariei.
Omenaldiak Eusko Gudariak kantatzen amaitu zituzten bermeotarrek eta ibarrangeluarrei.
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.