Lurralde Zatikako Plana bertan behera uztea eskatuko du Bilduk bertoko udaletan
Bermeoko, Busturiko, Eako, Elantxobeko, Gernika-Lumoko, eta Muxikako Bilduren ordezkariek eguerdian egin duten agerraldi baten azaldu dutenez, “Bilduk Lurralde Zatikako Plana (LZP) bertan behera uztea eta prozesu parte hartzailea zabaltzea eskatuko du eskualdeko udal guztietan”. Kolaizioaren ustez, Bizkaiko Foru Aldundiak diseinatu duen LZPak “zenbait gabezia” ditu, eta horrenbetez, bertan behera utzi beharko litzateke. Izan be, Aldundiak Busturialderako zehaztu duen eredu sozial eta ekonomikoa “okerra” dela argudiatzen dute Bildukoek. Planak dituen gabezia nagusien artean lau aipatu ditu Jose Ramon Bilbao Gernika-Lumoko zinegotziak. Alde batetik, Aldundiak plana egiteko erabili dituen datuak zaharkituta geratu direla esan du Bilbaok. Azaldu duenez, “1999ko, 2000ko eta 2001eko datuak erabili dituzte”. Bestetik, Aldundiak metodologia bertikala erabili izana, eta herritarrentzako parte hartze prozesurik zabaldu ez izana kritikatu du Bilduko ordezkariak. “Plana egiteko momentuan, Aldundiak ez du inkesta zuzenik egin eragileen eta erakundeen artean” esan du. Amaitzeko, Busturialdeak LZP propioa behar duela azaldu du Bilbaok. Gernika-Lumoko zinegotziaren berbetan, “Busturialdea eta Lea Artibai eskualdeak eremu bardinean batzea ez da naturala, ezta praktikoa ere”.