Erreportaia: Busturialdeko eta Lea Artibaiko 330 ikasle bertsolaritza lantzen dabiltza
Herririk herri/auzorik auzo/hor dator bertsolaritza (…). Bertso horri, orain, eskolaz eskola be gehitu beharko litzaioke, urriaren 3az geroztik Bertsogintza Ikastetxeetan proiektua lantzen dabil-eta Bertsozale Elkartea Bizkaiko hezkuntza arautuko hainbat ikastetxetan. Urteetako esperientzia lagun, sendotzen eta zabaltzen doan proiektua da berau, eta aurten inoiz baino ikastetxe gehiagotara iritsiko da, gainera. Izan be, Bizkaiko Ikastolen Elkarteagaz egindako hitzarmenaren ondorioz, aurreko urteetan baino ikastetxe gehiagotan landuko dute proiektua.
Busturialdean 140 bat ume daude proiektuan: Barrutialdea institutua, Busturiko herri ikastetxea, Bermeoko Eleizalde ikastola, Gernika-Lumoko San Fidel ikastola eta Gernika BHIko ikasleak bertsolaritzaren bideetatik ibilian hasi dira. Lea-Artibain be 190 bat umek kolpe diote euskal ohitura zaharrari: Berriatuko eskolako ikasleak, Etxebarriako Manuela Zubizarretakoak, Munitibarko eskolakoak, Aulestiko Urregarai eskolakoak, Lekeitiko R. M Azkue ikastolako ikasleak eta Lekeitioko LHI zein Markina-Xemeingo Beko Bentako ikasleak ari dira bertsotan.
Urriaren 3an hasi zuten ikasturtea eta, maiatzera bitartean, 10 urtetik 16 urtera bitarteko ikasleak (6.000 ikasletik gora) bertsolaritzara eta euskarara hurbiltzea da proiektuaren asmo nagusia. Beren beregi horretarako prestatutako materiala lagun, euskara, kultura, musika zein gizarte trebetasunak (jendeaurrekotasuna, elkarkidetza…) lantzen dituzte bertso irakasleagaz, beti be, berbekin eta hizkuntzagaz jolastuz. Azken batean, bertsolaritza eskola eremura zabalduta, euskararen erabilera bera be bultzatzen da, gazteak euskarari lotuz.
Proiektua dagoeneko Bizkaiko herri gehienetara zabaldu da eta 55 udalek, Enkarterriko zein Txorierriko mankomunitateek eta 153 ikastetxek parte hartzen dute bertan.
Klaseko lana zabalduz
Klaseko eguneroko lanaz gain, hainbat jarduera osagarri be egiten dituzte ikasturtean zehar. Besteak beste, bertso saioak, irratsaioak, bertso kantaldiak zein Bilbertsoak. Bertso saioen helburua bertsolaritza gune naturalean ikusita ikasleen bertsotarako motibazioa areagotzea da. Irratsaioak Bizkaia Irratiagaz lankidetzan egiten dira, eta azaroan hasi eta maiatzera bitartean astero-astero izaten da Zortziko Txikia izeneko saioa. Astean ikastetxe batek prestatzen du saioa, gelan egindako lana uhinen bidez zabaltzeko.
Horretaz gainera, Bertso Kantaldiak be egiten dituzte, gitarrajolearen laguntzagaz. Kurtso hasieratik ikasitako bertsoak eta kantak abesten dituzte euretan. Eta, azkenik, Bilbertsoak izeneko bilduman batzen dira gelaz gela ikasturtean zehar batutako bertsoak.
Lehen ezagutzak
Astean saio bat emoten dute gelek. Urritik maiatzera 30 ordu izaten dira gutxi gorabehera, eta kurtso amaierarako gutxieneko maila lortzen dute ikasleek; hau da, danak izaten dira gai bertsoak egiteko.
Bertsoaren lehen ezagutzak Ander Elortegik emoten ditu Busturialdean, eta Xabier Enbeitak Lea-Artibain. «Oinarri minimoak emoten dira, helburua bertsozaletasuna lortzea da-eta», dio Enbeitak. Ez dute horren lan zaila izaten, Lea-Artibain eta Busturialdean bertso nozioa egon badagoela dio-eta Lea-Artibaiko irakasleak. «Doinu bat baino gehiago jakiten dute, eta alde horretatik bide bat eginda daukagu».
Ikasleak be «gustura» dabiltza. Beste klaseekin alderatuta, beste era bateko gaia da-eta ikasleentzat. Hau da, abestu eta produzitu egiten dute, eta gogotsu aritzen dira kantuan.
Oinarri modura liburu bat erabiltzen dute: Gu ere bertsotan 1. Esperientziatik sortu duten liburua da, eta berorren bidez bertsolaritzaren arlo desberdinak lantzen dituzte: ipuinak eratzen dituzte, gai bat hartu eta haren inguruan bertsoak lantzen dituzte, bertso paperak egiten dituzte eta produkzioa ikasten dute. Gainera, ikasturteko beharra klaseetatik kanpora ateratzen saiatzen dira. Bide horretan, esate baterako, Lekeitioko ikastolan Gabonetako jaiaren aurkezpena bertsotan egiten dute.
Bestalde, urte amaierarako liburuxka atera eta bertsoak argitaratzen dituzte, urtean egindakoaren erakusleiho gisa.
«Bertsogintza Ikastetxeetan arma ona da euskara eta bertsolaritza bultzatzeko»
Ander Elortegi (Gernika-Lumo, 1985) bertsolaritza irakaslea da, eta bera da Bertsogintza Ikastetxeetan proiektuko irakasleetako bat. Busturialdean berak emoten ditu bertsolaritza klaseak, eta, dioenez, «gustura» ibiltzen da irakasle lanetan. Azaldu duenez, proiektuaren helburuak gazteen artean «euskararen erabilera sustatzea» eta ikasleak «bertsozaletzea» dira.
Zer da Bertsogintza Ikastetxeetan proiektua?
Bertsozale elkarteak martxan jarri duen proiektua da, ikastetxeetan bertsolaritza lantzeko eta ikastetxeetako bertsozaletasunari jarraipena emoteko. Bosgarren eta seigarren mailako ikasleei zuzendutako klaseak emoten ditugu Euskara irakasgaiko orduetan. Ikastetxeetako zaletasunari jarraipena emoteko, bestalde, bat-bateko taldeak egongo lirateke. Klase horiek, halanda be, eskola ordutegitik kanpora emoten ditugu.
Zer da ikasleek lantzen dutena?
Ikasleek bertsolaritza lantzen dute astean batean, Bertsozale Elkarteak espreski prestatu duen materialagaz. Liburuak, diskoak eta bideoak erabiltzen ditugu klaseetan, baina dena ez da lana. Klasean landutakoagaz kantaldiak, bertso saioak eta jokoak egiten ditugu urtean zehar.
Zeintzuk dira proiektuaren helburu nagusiak?
Helburu nagusiak bi dira, Bizkaiko eskualdeen artean dauden ezberdintasunak kontuan hartuta. Eskualde erdaldunetan gazteen artean euskararen erabilera sustatzea da helburua, etorkizuneko belaunaldiak euskarara hurbiltzeko. Eskualde euskaldunetan, bestalde, helburu nagusia gazteak bertsozaletzea da.
Helburuak betetzen dituzue?
Salbuespenak dauden arren, orokorrean helburuak betetzen ditugula deritzot. Kontuan hartu behar da bertsolaritza irakasleen lana errazagoa dela. Ikasleak klasea emotera behartuta daude eskola orduetan, baina bertsolaritza klaseetan ez dute derrigortasunik nabaritzen. Disko eta bideoekin agertzen gara, eta klaseak jostagarriagoak direnez, ondo hartzen gaituzte. Euskara erabiliz, ikasleek ondo pasa dezaten lortzen dugula uste dut.
Ikasleen arreta bereganatzeko klase ludikoagoak prestatzea beharrezko ikusten duzue?
Beharrezkoa eta ezinbestekoa dela uste dut. Zenbait eskualdetako gazteek euskara nahiko urrun sentitzen dute, eta teoria hutsagaz ezinezkoa da ikasleak euskarara hurbiltzea. Are gehiago, nazka hartu diezaiokete. Kontrara, klase dinamikoagoak eta dibertigarriagoak prestatuz gero, ikasleek euskara maitatzen ikasten dute.
Bertsogintza ikastetxeetan proiektua arma ona da, hortaz, gazteak euskarara hurbiltzeko?
Arma ona da, eta ezinbestekoa. Euskara oinarri hartuta ondo pasatuz gero, errazagoa da gazteen artean euskara zabaltzea. Antzeko proiektu gehiago gauzatu behar direla deritzot.
Zenbat denbora daramazu bertsolaritza irakasle lanetan?
Duela hiruzpalau urte hasi nintzen ordezkapenak egiten, baina aurten izango da lehenengo ikasturte osoa niretzat. Bizkaia osoan emoten ditut klaseak, eta ehunka ikasle ditut. Ikasturte hasieratik nabil irakasle lanetan, baina oraindik izen asko ikasi behar ditut. Gaur egun hasi naiz ulertzen Jon Lopategi gure maisu ohia. «Despistatu xamarra zara; guztiek agurtzen zaituzte, eta ez dituzu gogoratzen beraien izenak», esaten genion. Niri gauza bera gertatzen zait orain [barreak].
Gustura zaude maisu lanetan ala burukomin gehiegi emoten dizkizu irakaskuntzak?
Oso pozik nago klaseak emoten, gutatzen zaidana baita. Ingenieritza ikasten hasi nintzen, baina irakaskuntza sentitzen dut nire ogibidea. Burukominak emotea, bestalde, normala dela deritzot. Irakaskuntzan dauden guztiek izaten dituzte burukominak, eta hala gertatu ezean, seinale txarra da. Irakasle arduragabea bihurtuko litzateke klaseak emoten dabilena.
Ikasleen eta irakasleen artean giro ona dago klasean?
Gure kasuan bai. Lehen esan dudan bezala, gure lana errazagoa da. Baliteke ikastetxeetako irakasleek inbidia apur bat izatea. Astean behin agertzen gara, eta ikasleak geureganatzen ditugu.
Giro onak helburuak lortzen laguntzen du?
Gazteak euskarara edo bertsolaritzara hurbiltzeko ezinbestekoa da giro ona egotea. Ikasleak gustora egon ezean, ezinezkoa da beraiengana heltzea. «Ze ondo, gero bertsolaritza daukagu!» esaten dute askotan. Jarrera hori oso garrantzitsua da aurrerapausoak emoten jarraitzeko.
Eskualdeak kontuan hartuz gero, ezberdintasun handia al dago ikasleen artean?
Desberdintasun handiak daude. Busturialdetik Lea Artibaira aldea dago, eta beste eskualdeekin alderatuz gero desberdintasunak handiagoak dira. Berton euskara da ama hizkuntza, eta errazagoa da lan egitea. Halanda be, etekinak leku guztietan nabaritzen dira. Etekin desberdinak dira; baina, niretzat, esaterako, oso pozgarria da gazte erdaldunak euskarara hurbiltzea.
Bertsozaletasuna nahiko hazi da azken urteetan. Igartzen al da ikastetxeetan?
Txapelketek ahalbidetu dute bertsozaletasunak gora egitea, eta horrek gazteengan eragin du. Euskara zabaltzen jarraituz gero, gainera, bertsolaritza gehiago zabalduko dela uste dut. Izan be, eskutik helduta doaz euskara eta bertsolaritza.