Muxikako industrialdea egin egingo dela esan du Busturialdeko Bilduk, gaur eguerdian Gernika-Lumon emondako prentsaurrekoan. Industriagunea, baina, “beste modu batera” egingo dela esan du koalizioak.
Urtarrilean egindako osoko bilkuran Muxikako Plan Orokorraren hasierako onarpena bertan behera utzi zuen Bilduk. Industrialde bat egiten bada “betiko” egiten dela esan du Bilduk prentsaurrekoan. Muxikako alkate Aitor Goldarazek azaldu duenez, “kutsadura akustikoa, trafiko arazoak eta abarrak handitu egingo direnez, distantziak hobeto kalkulatu behar dira”. Industrialdearen trazadura eskola eta etxebizitzak dauden mugaraino heltzen zela azaldu du Goldarazek, “eta udalak herritarren ongizateari eta herriaren hazkundeak sortuko dauzan beharrizanei begiratu die, herritarrek egindako eskaerei eta proposamenei kasu eginda”. Plan Partziala ez tramitatzearen arrazoiak horiek direla esan du Muxikako alkateak, “baina horrek ez du esan gura industrialdearen kontra gaudenik; poligono konkretu horren kontra gaudela baizik”.
Busturialdearen egoera eta EAJren ardura
Muxikako industrialdeagaz Eusko Alderdi jeltzalea (EAJ) “estu eta larri” dabilela esn du Gernika-Lumoko alkate Jose Mari Gorroñok, “baina badakigu zein izan den eskualdeko ekonomiaren garapena azken 30 urteetan”. Gernika-Lumon bertan urte guzti horietan 3.000 lanpostu baino gehiago galdu direla esan du Gorroñok. Hainbat enpresa itxi egin direla gogoratu du, eta bertora etorteko interesa izan duten beste hainbati horretarako biderik emon ez zaiela aipatu du, “Azti edo Arruti, esaterako”. Denbora guzti horretan bai udalean, bai Foru Aldundian zein Eusko Jaurlaritzan agintean EAJ izan zela gogorarazi du Gernika-Lumoko alkateak. “EAJ agintean zela Gernika-Lumoko Udalak negozio inmobiliarioaren aldeko apustu argia egin zuen; EAJren politikak ia-ia lotarako herri bihurtu dau Gernika-Lumo”.
Horren aurrean, 2007an Eusko Alkartasunak Ezker Abertzaleagaz elkarlanean alkatetza hartu zuenean politika hori irauli zuela esan du. “Astra erosteaz gain, inguruko lurrak eta industriarako lursailak be erosi zituen udalak Beheko Ibarran”. Beste eskualde askotan egin den legez, Busturialdearen suspertze ekonomikoa ahalbidetuko duen elkarlana eta parte hartzea exijitu die Bilduk Bizkaiko Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari.
EAJ eta Inama
Prentsan agertu dena aipatuz, Bilduk agintea hartu duenean eskualdea dagoeneko “jakean” bazegoela esan du Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek. EAJ agintean zela Busturialdeko Ur Partzuergoak egindako kudeaketa txar eta iluna kritikatu du, eta Inama auziagazhartutako erabakiak be izan ditu berbagai. EAJk Muxikako Udalean agindu duen 20 urteetan enpresak sortutako ingurumen arazoak kudeatzeko gai ez dela izan esan du Bidegurenek, “eta enpresari zegozkion jarduera lizentziak eguneratzeko ahaleginik ez du egin. Zelan ulertu daiteke 20 urtetan inamari jarduera lizentzia bakar bat barrizteko gai ez izatea eta orain Bilduk sei hilabetetan enpresa itxi duela esatea?”, galdetu du. Hala, enpresari “gura izan duena” egiten izti diotela esan du, “eta azkenean Ingurumen Baimen Bateratua galdu du, bere itxikeriak eraginda”. EAJk, “demagogia” besterik ez duela egin esan du Bermeoko alkateak, “eta beharginak bere erara erabili ditu”. Inamak legez eta txukun duen jarduera lizentzia bakarra 1963. urtekoa dela gogorarazi du Bidegurenek. “Enpresa handitzeko baimena eskatu zuenean be, Foru Aldundia izan zen ezetza emon ziona”.
Orain, epaileak ebatzi legez, Muxikako Udalak EAJk hasitako bidea amaitu besterik ez du egin. Eta Eusko Alderdi Jeltzaleari eskaera argia egin dio Busturialdko Bilduk: “Utzi Busturialdeari berak aukeratu dituen alkate eta zinegotziekin lan egiten”. Era berean, inoren lana kritikatu aurretik beraiek hainbeste urtetan egindakoaren errepasoa egiteko eskatu die koalizioak. “Herentzian hartu duguna ez da, inondik inora be, Busturialdeak merezi duena”.