Arketako kanpina ez botatzea eskatuko du Ibarrangeluko Udalak
Ibarrangeluko Udalak Arketako kanpina ez botatzea eskatuko dio Espainiko Ingurugiro Ministerioari. Jesus Mari Ziluaga Ibarrangeluko alkateak azaldu duenez, “kanpinak ez dio kalterik egiten ingurugiroari, eta gainera, lanpostu asko sortzen ditu Ibarrangelu bezalako herri txiki baten”. Hala, Ingurugiro Ministerioagaz batu gura du udal arduradunak “luzamendu bat eskatzeko”. Dioenez, Epaitegi Gorenaren 2010eko sententzia betetzea, “hondamendia” litzateke herriarentzat.
“Kanpinari esker” Ibarrangelun dauden 25 lanpostu inguru galtzeaz gain, itxierak “zeharka be” erangingo luke alkatearen ustez. Hala, herriarentzat oso garrantzitsua dela iritzita, Arketako kanpina “ez botatzeko” lan egingo dutela nabarmendu du alkateak.
Auzitegi Gorenak 2010ean hartu zuen kanpina botatzeko erabakia, baina Ingurugiro Ministerioak aurten emon du lehenengo pausoa zonaldea leheneratzeko. Izan be, 41.000euroko aurrekontua bideratu du txosten bat egiteko. Auzitegiaren sententzian azaltzen zenez, kanpina itsas-eremu publiko baten dago eta bertan ez da inolako eraikinik onartzen. Hala, Ingurugiro Ministerioaren nahia Arketa itsa-eremu bihurtzea litzateke.
Ziluaga ez dator bat auzitegiaren sententziagaz. “Legea betetzeko dago, baina kasu horretan gehiegikeriaz jokatu dute” dio. Kanpinak ez duela kalterik egiten, eta herriak duen turismo azpiegitura bakarra dela gogoratu du. “Turismo da herriko jarduera ekonomiko bakarra, baina herrian dagoen kanpin bakarra bota gura dute” kritikatu du alkateak. Dioenez, “ez dauka zentzurik”, eta horregatik, Ingurugiro Ministerioagaz “akordio batera heltzea” espero dute.