Kalitatearen Goreneko Ziurtagiria eta bost zigilu. Barrikuntzak merkatu barriak erakartzeko. Zur Industrien Ikerkuntzarako Elkarteak (AITIM) eta Herrialde Katalanetako Eraikuntzaren Teknologia Institutuak Eako Egoin enpresa saritu dute. Lehena da Egoin, euskal enpresen artean, ziurtagiri eta bermeen sare hori lortzen. Pozik eta gogotsu hartu dute enpresako arduradunek errekonozimendu hori. “Eraikin pribatuak egiteaz gain, eraikuntza publikoak be egin ahal izango ditugu aurrerantzean”, enpresako arduradun komertzial Unai Gorroñok azaldu duenez. Lehendik be egin izan dituzte, “Ikaztegietako udaletxea, Zierbenako unibertsitatea, Tolosako ikastola…”. Baina, gehienez, hiru solairu dituzten eraikinak dira horiek. “Orain eraikin altuagoak egin ahal izango ditugu, horretarako berme eta baldintza guztiak baitituzte gure produktuek”. Hala, hamabost solairura arteko etxebizitzak edota eraikinak egiteko aukera izan dezake Egoinek aurrerantzean.
Jauzi kualitatiboa dela aipatu du Gorroñok. Izan be, estrukturarako kontralaminatutako panelen fabrikazioan, kolatutako zur laminatuekin egindako estrukturen fabrikazioan, zurezko estrukturen ingeniaritzan eta muntaketan, estrukturarako uztartutako zuraren fabrikazioan eta kolatutako zur laminatuaren bikote eta hirukoteen fabrikazioan ziurtagiriak eskuratu ditu enpresak. Hala, horiekin guztiekin lan egin dezakete, indarrean dagoen araudia betetzen dutelako.
Proiektuak Frantzian
Euskal Herritik kanpora begira be badira Egoinekoak. Espainiako estatuari bakarrik ez, Europari begira be badira. “Hainbat proiektu ditugu, eta aurreikuspenak be positiboak direla esan dezakegu”. Egoera ekonomikoak hazkundea moteldu dezakeela konsziente dira. “Euskal Herrian eta Espainian obra publiko gutxi egiten dira orain”. Halanda be, Europari begira daude: “etorkizuna hemendik kanpora dago”.
Bi urte daramatza Egoin enpresak Frantzian, “eta hirugarren urtea han finkatzeko balioko digula uste dugu”. Horrek enpresaren egoera hobetzen lagun dezakeela uste du Unai Gorroñok. “Obra handiak egiten dira Frantzian, eta batez be publikoak izaten dira”. Gaur egun albaitaritza klinika bat eraikitzen ari dira Toulousse (Frantzia) ondoko herri batean.
Kontsumo energetikoa
Enpresa txiki-ertaina da Egoin; horregatik, krisi egoeratik alde egitea errazago egingo zaiela uste dute. Gainera, egurragaz sortzen dituzten produktuekin Europako herrialde aurreratuenen estandarretara heltzen ari direla diote arduradunek. Egurrak etorkizuna baduela, gaur egun eraikuntzan gero eta gehiago erabiltzen delako. Eraikitzeko prozesua bera be, azkarragoa delako.
Horregatik, kalitate aldetik be apustua egin du Egoinek, Europa mailako normatiba betez; “kontsumo energetiko baxuak behar dituzten materialen aldeko apustua egin dugu”. Energian aurreztea da helburua. Horregatik, eraikin baten kontsumoa urtean, batezbeste, 130-160 kilowatiotan badago be Egoinek eraikitzen dituen oinarrizko etxebizitzetan batezbesteko hori 50 kilowatioetakoa da. Hala, Frantziako, Alemaniako, Austriako, Suitzako, Norvegiako edota Suediako estandarretara heltzen ari direla aipatu du Gorroñok.
Zein motatako eraikina den, zertarako den eta non eraiki behar den kontuan hartu eta horrek ahalik eta energiarik gutxien behar izateko eraikitzen dute. “Egurraren sistemak protagonismo handia hartu du; ez bakarrik eskaintzen duen isolamendu mailagatik edo erosotasunagatik, baita ekoizpen prozesuagatik be”. Menditik egurra atera, transformatu eta eraiki. “Obra arina da”.
Ekoizpenerako bertoko egurra erabiltzen du Eako enpresak; Euskal Herriko mendietan dagoen pinus radiata, hain zuzen be. “Panelen %95a pinu horren egurragaz egiten ditugu”.
Gero, birziklatu
Ziklo “oso razionalak” dituzten produktuak eskaintzen dituzte. Kontsumo energetikoa murrizteaz gain, eraikin asko material birziklagarriekin egiten ditu Egoinek. “Zikloa amaitutzat emoten denean materialak birziklatu egin daitezke”. Horregatik diote egurrak beste material batek baino etorkizun handiagoa duela.