Izaskun Azua Spanair-eko langile ohia
Milaka bizipen izan daitezke hamabi urtean, horietako asko norberaren lanean. Hamabi urte daramatza Izaskun Azua Manzanosek (Gernika-Lumo, 1976) Spanair konpainian hegazkineko laguntzaile moduan beharrean. Loiun zazpi urtez egon da lanean, hiru urtean Madrilen (Espainia), eta beste bi urtean Bartzelonan (Herrialde Katalanak). Konpainiak ateak itxi ondoren, linboan ikusten du bere burua, ez langabezian ezta lanean be.
Spanairrek joan den asteko barikuan abisatu zuen ateak itxi eta jarduera etengo zuela, bat-batean. Langileok aurreikusten zenuten horrelakorik? Ba al zenekiten konpainia horren gaizki zegoenik?
2008an eta 2010ean enplegu erregulazio espedienteak aurkeztu zituen, baina, kontrara, hegazkinak beti egon dira beteta. Inork ez zuen hau espero, eta gutxiago era honetan gertatzea. Guk, langileok, komunikabideen bitartez jakin dugu Spanairrek ateak itxi dituela. Hau guztia barikuan gertatu zen, eta niri eguenean deitu zidan instruktore batek, astelehenean Bartzelonan neukan ikastaroa ordubete beranduago hasiko zela esanez, normaltasunez.
Haserrea, inpotentzia, ezinegona… Nola deskribatuko zenuke egunotan sentitzen duzuna?
Oso triste nago. Nire bizitzako hamabi urte emon ditut Spanairren lanean, eta orain dena desagertu da.
Hartzekodunen lehiaketa eskatu eta enplegu erregulazio txostena ezarriko duela esan du konpainiak. Zer informazio daukazue?
Dakigun bakarra komunikabideetan entzuten eta irakurtzen duguna da; besterik ez.
Zenbat pertsona zaudete Spanairren gaur egun?
Konpainiagaz kontratua dugunok 2.000 langile gara, gutxi gorabehera. Beste 1.500 inguru Spanairrentzat lan egiten dutenak dira.
Erabiltzaileen arretan lan egiten duten langileei lanera joateko eskatu die Spanairrek. Zu zein egoeratan zaude?
Ordaindutako baimena daukat gaur egun; hau da, ez dut lanera joan beharrik, baina oraindik daukat Spanairrekin kontratua. Beraz, gaur gaurkoz ezin dezaket kalte-ordainik eskatu, ezta langabeziarik be. Kontratua daukagun artean ez daukagu horretarako aukerarik.
Langileok batzartu al zarete neurri bereziren bat zehazteko? Zein pauso emongo duzue?
Egunotan elkarretaratzeak daude deituta hainbat hiritan. Bizkaian bizi garen langileok herenegun joan ginen Loiuko aireportura, nahiz eta astelehenaz geroztik zenbait lagunek itxialdia hasita zuten bertan, AENAren baimenagaz. Beste zenbait aireportutan be hasi dira itxialdiekin. Gure eskubideak aldarrikatu gura ditugu, eta arduradunei dagokiguna eskatu. Beste lekuren batean koka gaitzan eskatzen diogu, beste alde batetik, Spanairri.
Hainbat bidaiariri eragin die konpainiaren erabakiak, ehunka istorio pertsonal utziz. Nola ikusi duzu egoera Spanairreko langile zaren heinean?
Gauzak oso txarto egin dira. Spanair itxi baino egun bat arinago oraindik txartelak saltzen egon dira. Halanda be, bidaiariei txartelen dirua bueltatuko dietela entzun dut.
Zergatik uste duzu enpresak horrela jokatu duela?
Politika hutsa dago erabakiaren atzean.
Generalitateak be izango du erantzukizunik…
Gauza asko dauzka Generalitateak esateko; gu denon arduraduna izan da orain arte, eta orain ezin du kontrakoa esan. Beste alde batetik, Spanair diru publikoagaz lagundu dute, egia da, baina, esate baterako, Ryanairrek hainbat komunitate autonomoren diru laguntzak hartu ditu, Espainiako estatuan ezelako zergarik ordaindu gabe.
Urtarrileko soldata kobratuko duzuen zehaztu al dizuete?
Urtarrileko soldataren parte bat ordaindu digute dagoeneko, baina beste partea batek daki ordainduko diguten; eta, ordainduz gero, noiz ordainduko diguten.
Eta kalte-ordainik edukiko al duzue?
Espero dugu Spanairrek kalte-ordainak ordaintzea. Fogasak –soldatak bermatzeko funtsa– ordaindu behar izanez gero, hilabeteak pasa daitezke kobraketa errealitate bihurtzeko.
Spanairren auzia albo batera utzita,nola gogoratzen duzu 2008ko abuztuaren 20ko istripua?
Istripuaren ostean, Spanairreko langileok lanera joan ginen 154 pertsona hil ondoren, eta haien artean gure lankideak be bazeuden. Eta orain Spanairrek ateak bat-batean itxi dituela entzun behar dut!
Hainbat herrialde ezagutzeko aukera emon dizu ogibideak. Horietatik zein gustatu zaizu gehien eta zergatik?
Egia esan, oso lan polita da, askotan etxetik kanpo egun asko emoten ditugun arren. Herrialde asko ezagutzeko aukera izan dut, denak ezberdinak eta denetatik gauza asko ikasi ditut. Baina, benetan, lan honetako gauzarik onena ezagutu dudan jendea izan da; lankideak nire betirako lagunak dira. Guztiei nire desiorik onenak.