Alex Zubiaren zutabea: `P.T.P´
Ez dakienarentzat hauek ez dira erakunde sekretu baten siglak, ezta kotxe modelo berri baten hizkiak ere. Plan Territorial Parcial esan nahi dute hitzok, edota Lurralde Plan Partziala. Arrotz egiten bazaigu ere, gure bizitzan uste duzuen baino eragin gehiago dute plan hauek, egungo bizitzan eta biharko gure eta gure seme-alaben bizitzatan. Hemen finkatzen dira garraio, etxebizitza, industria, hornikuntzak…
Gure bizitzatan eragin zuzena izango duen arren, ordea, guk ezer gutxi dugu esateko honetan. Nork duen esatekoa? Aldundiak eta Gasteizko Jaurlaritzak. Ezta udalek ere. Hau da, esan bai, esan dezakegu bai guk, bai udalek, baina erabaki ez. Todo para el pueblo pero sin el pueblo, zioen despotismo ilustratuak. Hala pentsatzen dute geure ilustratu gabeko despota txiki hauek.
Gure kasuan Gernika-Markina da Planak hartzen duen eremua. Abenduaren 27an honen lehen onarpena egitea erabaki zuen PNVk Aldundian eta bi hilabeteko epea ipini alegazioak eta egiteko, bi hilabete gure geroaz zerbait esateko.
Badira urte batzuk PTP hau idatzita dagoela. Urdaibaiko Patronatuan 2009. urtean izan zen bere lehen urratsa PNVkoen. Ez da euri gutxi jausi ordutik hona. Mapa politikoa erabat aldatu da eskualdean, krisia bete-betean jotzen gaitu, baina erabaki, betikoek erabaki nahi dute.
Ajangizen badugu bide errebuelta bat El charco deritzona non batzuetan Independentzia jartzen duen letra handiz eta beste batzuetan, bihotza berde eta uniformea edozela koloredunak pasatzen direnean, Dependentzia jartzen duena. Tira, ba ia El charcoraino etxeak eraiki nahi dituzte. Ez, ez Ajangizetik horraino, baizik eta Errenteriatik horreraino. Nork erosteko? Nork bizitzeko?
Ajangiz-Mendata industrigunea ere eraiki nahi dute. Norentzat? Antzaz, berdin dio krisiak, langabezia, aurrikuspenak, Standard & Poorsren kalifikazioak… Eraikitzea da gakoa, alderdikide gutxi batzuk guztion kontura aberasteko.
Sektore ekonomiko bakar bat dugu eskualdean bertan dituena lehengaiak (lurra-ura), lan eskua (langabetuak) eta merkatua (jan, denok jaten dugu). Hori nekazaritza da. Baina estali dezagun lurra zementoz. Hori da garapena, hori!