8.000 odol emoile barri lortzea 2012. urtean. Hori da Miguel Angel Vesga transfusio eta giza ehunen euskal zentroko zuzendariak gizarteratu duen eskaria. Izan be, 2011n beharrizana asetzeko beste odol egon bazen be, odol emoileen zahartzeak eta odola galkorra izateak adi egotera behartzen ditu Osakidetzako arduradunak. Horrez gain, azaldu dutenez, 100.000 odol emote izan ziren iaz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eta, horiei esker, 53.000 pertsona sendatu ziren.
1.000 biztanleko 47 emote dituzte urtean Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak eta, horri esker, Europako herrialdeen artean daturik onenak dituztenen artean daude. Horretan, zelan ez, bere ekarpena egin dute Lea-Artibaiko eta Busturialdeko biztanleek, haiek barik ezinezkoa litzateke-eta datu on horietara ailegatzea. Halanda be, Vesgak egindako eskaeragaz bat eginda, «iraunkortasuna ziurtatzeko odol emoile gehiagoren eta, batez be, barrien beharra dagoela nabarmendu du Gernika-Lumoko Odolkideak elkarteko Amagoia Lopez de Larruzeak.
Euskadiko Odol Emoileen Elkarteak emondako datuen arabera, 2011n 1.798 pertsonak emon zuten odola Bermeon, Berriatuan, Ean, Gernika-Lumon, Lekeition, Markina-Xemeinen, Mundakan eta Ondarroan; 1.160 gizonezkok eta 638 andrazkok. Pertsona horien guztien artean, denetara, 3.315 odol emote izan ziren iaz Lea-Artibain eta Busturialdean –Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datu orokorrak baino nabarmen altuagoak dira bertokoak–.
Datu horiei, gainera, enpresetan batutakoa gehitu behar zaie. Esaterako, Ajangizko Maier enpresan 78 lagunek emon zuten odola 2011n, Muxikako Inaman 37k eta Gernika-Lumoko Losalen eta Servicios de Mesa SLn (Dalia, Jypsa eta Malta batu dituen enpresa) 21 eta 24 lagunek, hurrenez hurren. Batzar Etxean, bestalde, hamasei emote izan ziren iazko otsailaren 23an.
Gernika-Lumo, erreferente
Lea-Artibaiko eta Busturialdeko herrien artean Gernika-Lumokoak dira datu esanguratsuenak. Are gehiago, Bizkaia mailan «erreferentziazko lekua da Gernika-Lumoko ordezkaritza, emoileen kopuru handiagatik». Hain zuzen, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 1.000 biztanleko eta urteko 46 emote da adierazle orokorra, eta Gernika-Lumoko biztanleen artean, aldiz, 1.000 biztanleko eta urteko 64,2 emote izaten dira. «Osasunerako Mundu Erakundeak (OME) autosufizientziarako gomendatutako 45-50 ingurukoa baino askoz be altuagoa», Odolkideak-ek nabarmendu duenez.
Horrenbestez, Gernika-Lumokoak datu «positiboak» direla adierazi du Lopez de Larruzeak: «azken hamar urteotan gorabeherak egon arren, odol emote kopurua beti ibili izan da 1.200etik 1.450erako tarte horretan», eta 2001etik goranzko joera dago, gainera. Halaber, Gernika-Lumon odola emoten dutenen gehiengoa (628tik 507 pertsona) «aktiboak» direla dio Lopez de Larruzeak, bataz beste urtean bi bider emoten dutelako. Bada, Gernika-Lumoko eta inguruko herrietako odol emoileen fideltasuna «altua» dela deritzo Odolkideak elkarteko ordezkariak.
Datuak datu, etorkizunean be «konpromiso eta ekintza solidario» horri eutsi behar zaiola gaineratu du Amagoia Lopez de Larruzeak. Adierazi duenez, «biztanleriari odola emoteko deia barriro be zabaldu gura diogu, eta horretan odol emoileak eurak dira gure mezulari eta lekukorik onenak».
Datuak, herriz herri
Herria Gizonezkoak Andrak Emaileak guztira Emote kopurua
Bermeo 207 103 310 558
Berriatua 24 13 37 55
Ea 14 8 22 22
Gernika-Lumo 421 207 628 1.245
Lekeitio 195 102 297 518
Markina-Xemein 144 95 239 450
Mundaka 12 18 30 49
Ondarroa 143 92 235 418
Guztira 1.160 638 1.798 3.315
@sarean
– www.donantesdesangre.com.Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako elkartearen webgunean odola emoteko lekuak, baldintzak, odol-emote motak edota elkartearen inguruko informazioa zehazten da, besteak beste. 900-303 404 telefono zenbakira deitzea da elkarteagaz harremanetan jartzeko beste bide bat.
Odola emoteko hurrengo hitzorduak
- Bermeo. Otsailaren 17an, 17:00etatik 20:30era; eta otsailaren 18an, 09:30etik 14:00etara.
- Gernika-Lumo. Otsailaren 6an, 09:15etik 14:00etara eta 16:30etik 21:00etara.
- Lekeitio. Otsailaren 19an, 10:00etatik 13:30era.
- Markina-Xemein. Otsailaren 13an, 09:30etik 14:00etara.
- Ondarroa. Otsailaren 4an, 10:00etatik 13:30era.
Bete beharreko baldintzak
- 18 ta 65 urte artean izatea.
- 50 kilo baino gehiago pisatzea.
- Hiru hilabetero baino ezin daiteke odola emon.
- Gizonezkoek lau aldiz emon dezakete odola urtean, eta emakumezkoek hiru aldiz.
- Hurrengo 24 orduetan ibilgailu pisutsuak gidatu behar izanez gero, ez da komenigarria odola emotea; ezta lan edo kirol arriskutsuren bat egin behar izanez gero be.