Eskualdeko errugbi zaleentzat egun handia izango da biharkoa. Gernika-Lumoko basurdeek Errege Kopako finalaurrekoetako joaneko partida jokatuko dute Urbietako zelaian, eta gainera, derbi bati egin beharko diote aurre. Izan be, Bizkaia Gernikaren aurkaria Ampo Ordizia (Gipuzkoa) izango da. Jorge Gimenez basurdeen entrenatzaileak jakinarazi duenez, “ilusioz gainezka, eta partida jokatzeko irrikitan” daude jokalariak. Hala, 16:30etik aurrera, “partida irabaztera” zelairatuko dira bertokoak.
Ordiziarrek garaipena garesti salduko dutela iritzita, biharkoa “partida zarratua” izango dela esan du entrenatzaileak. Hala, “defentsan sendo” egotea, eta entsegua egiteko “aukerak aprobetxatzea” ezinbestekoa izango da emaitza ona lortzeko. Jokalariak “sasoi betean” daudela eta, partida ona jokatzea espero du Gimenez. Izan be, garaipena lortuz gero, bueltako partida lasaiago jokatuko lukete bertokoek.
Azken urteetan finalaren atarian geratu ostean, Gimenezek azkenengo pausoa emon gira du aurten, finalerako txartela eskuratuz. “Taldea osatzen duten guztiengatik eta zaleengatik egon gura dugu finalean” dio.