Amaia Artetxeren zutabea: Musutruk? Nire lana ez
Martitzenean izan zen kazetarien eguna, San Francisco de Sales; ez nekien patroia bagendunik, idearik bez. Izan be, aspaldi honetan dana galtzen gabiz, lana barru. Hilabete daroat langabezian eta denpora nahikoa dala aitortzen deutsuet dana baltz ikusteko. Aurretik be, egia esanda, ez neban beste kolore argiago batez ikusten panorama baina, norbere azalean bizi dozuna kontatzea tokaten jatzunean, izana be zalantzan jartzen dozu. Eta beitu badagoela zer, kontatu, e? Zer dinostazu Megauploaden itxiera dala eta sortu dan lurrikara? Enteratu zarie? Ulertu duzue zer dan gertatu dana? A, bai, egunkarian irakurri dozula zerbait. Aurretik be zabalduta egoan Jabetza intelektuala vs. Kultura unibertsala eztabaida jendeartean, Espainian Sinde legearen bitartez sustatu zan eztabaida hori besteak beste. Baina, Megaupload FBIk itxi dauan momentuan zelan berpiztu dan gaia! Esango neuke orokorrean oso txarto jaso dala albistea, edo kontrako iritziak entzun dodaz nik indartsuago. Eta gauzak zelan gertatu diran bakarrik kontutan hartzen badogu, neu be egon naiteke zelan gertatu diranaren kontra baina, ez gehiago. Ez dakit zuek ze iritzi izango dozuen jaitsieren inguruan, legalak izan beharko liratekeen uste ote dozuen izan be, nik oinarrian gustoko ez dodan gauza bat ikusten dot: lapurreta.
Asko idatzi da, asko hausnartu da/dute batzuek jabetza intelektualaren mugen/eskubideen inguruan eta beharbada oso sinplea topatuko dozuen arren nire iritzia, finean, beste batek sortu duena debalde eskuratzean datzala begitatzen jat eztabaidagai doguna eta FBIren erabakiaren atzean dagoena. Sortzaile batek sortutako, asmatutako, landutako lana inongo baimenik barik norberarentzat hartu; hori da nik ikusten dodana jaitsieren, deskargen atzean. Eta egia esan, hau defendatzea ez dot nik bidezkoa ikusten. Argumentu bezala erabiltzea kulturak unibertsala behar dauala izan, herritar guztiek – txiroak barru- kultura eskuragai izan behar dabela, kultura ezin dala garestia izan,… ados, baina sotzaileak be jan egin behar dau.
Kultura be lana dala ados egongo zarie, musika egiten dauanarentzat hori dala bere ogibidea ulertuko dozue, idazleak idazten ordu asko ematen dauzala ezer kobratu barik be jakina da. Zeu artista izango bazina andereño edo erizain edo tabernari izan beharrean gustatuko litzaizuke behin eta barriro jakitea batzuk bai erosten/ordaintzen dabela zure lana baina, beste askok sistematikoki zeuk ezer egin ezin daikezula zure lana lapurtzen dabiltzezela? Hitz egingo dogu.