Gastrodibertsitate jardunaldien lehenengo saioa etzi egingo dute
Madariaga Dorretxean gastrodibertsitate jardunaldiak antolatu dituzte, eta lehenengo saioa etzi egingo dute, 19:30etik aurrera. Jakinarazi dutenez, gastrodibertsitate jardunaldietako saioak hilabeteko azkenengo barikuetan egingo dituzte urtea amaitu arte, Iñigo Ordorika sukaldariaren laguntzagaz.
Gastronomia saioen helburu nagusiak, denboraldiko “hurbileko produktuak” ezagutzera emotea eta produktu horiek kontsumitzeko garrantziaz ohartaraztea dira.
Lehenengo saioa
Lehenengo saioan Garikoitz Rios Itsas Mendi Upategiko arduraduna izango da hizlaria, eta nekazaritza ekologikoa eta nekazaritza biodinamikoa izango ditu hizpide. Riosek nekazaritza mota bien inguruko azalpenak emongo ditu, eta bildutakoen zalantzak argituko ditu. Amaitzeko, 12 euro ordaindu ostean, gura dutenek ardo bereziak eta pintxo ekologikoak dastatzeko aukera izango dute.