Bizkaiko onenak berdintasun arloan
Ibarrangelu Bizkaiko herririk onenenetako bat da emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasun arloan, Bizkaiko Foru Aldundiak egindako azterketa baten arabera. Urtero bezala, Bizkaiko emakumezkoek lan merkatuan bizi duten egoera aztertu du Foru Aldundiak, eta emaitzarik onena bertoko herriak lortu du, Loiugaz eta Sondikagaz batera. Jesus Mari Ziluaga alkatea “pozik” agertu da, albiste ona dela iritzita. Dioenez, “berez heldu da emaitza ona, plangintzarik zehaztu barik”. Izan be, Ibarrangelun emakumezkoek betidanik izan dute “botere handia”.
Sailkapena egiterakoan, emakumezkoek goi mailako ikasketak dituzten, ordaindutako lanbidea duten, eta botere guneetan duten erabakitzeko ahalmena izan ditu kontuan Aldundiak. Ziluagak ez ditu ikasketen eta lan baldintzen datu zehatzak ezagutzen, baina Ibarrangelu ondo ezagutzen duela dio. Alkatearen berbetan, “txikia zenean be”, emakumeek mugitzen zuten herria, erabaki eskumen handia izan baitute beti. Jakinarazi duenez, batez be, “arlo sozio-kulturalean” eragin du emakumezkoen jardunak.