San Nikolas De Bari kofradiako eraikinak herriari laga dizkio Arrantzaleen Kofradiak
Abenduaren 15ean sinatu zuten notarioaren aurrean Elantxobeko Arrantzaleen eta Nabigatzaileen San Nokolas de Bari Kofradia herriari lagatzeko eskritura publikoa. Maiatzaren 22ko udal hauteskundeen ostean hasi zen udal barria lan horretan, eta joan den eguenean egin zuten hori posible, Kofradiako Lehendakariak eta Elantxobeko alkateak emondako sinaduragaz.
Lehenengo pausoa emonda, orain proiektua borobildu behar dela azaldu du Elantxobeko Kultura zinegotzi Kepa Soraluzek. «Ideiak asko dira, baina gauzatu barik daude oraindik». Kultura zinegotziak aipatu duenez, erabilera anitzerako gunea egitea da Udalaren asmoa: erakusketa gela, bilerak egiteko gelak, herriko alkarteentzako egoitzak, herriko txokoa…
Eraikin nagusiak 170 metro koadro ditu, bi solairutan banatuta; eta eraikin txikiak 12 metro koadro.