Gaur hasi da Londresen Gogeaskoetxearen estradizio eskaera aztertzeko epaiketa
Eneko Gogeaskoetxea busturiarraren estradizio epaiketa gaur hasi da, Londresen. Hain zuzen, hamabost delitu egotzi dizkiote Gogeaskoetxeari, eta horiek guztiagatik eskatu du Espainiak bere estradizioa.
Fiskaltzak eta defentsak, zeinek bere arrazoibideak aurkeztu beharko ditu gauko eta biharko saioetan eta, behar izanez gero, urtarrilaren 4an.
Gogeaskoetxearen abokatu Mark Summersek hiru puntutan oinarrituko du bere defentsa. Hain zuzen, Gogeaskoetxea atxilotzeko euroaginduan jasotzen ez ziren delituengatik epaitu gura dute busturiarra Espainian, eta legedia britaniarrak holakorik ez duela onartzen dio.
Era berean, Gogeaskoetxearen kontrako inkulpazioak bere lehengusu Kepa Arronategik egin zituela dio Summersek, inkomunikazio egoeran eta konfiantzazko abokatu barik; eta Britania Handiko legediak holakorik be ez du onartzen.
Azkenik, busturiarra atxilotzeko emondako zortzi euroagindutan irregulartasunak eman zirela dio defentsaren abokatuak.