Muxikako lantegia hartzekodunen konkurtsora atera gura dute enpresako arduradunek, Inamako langileen komiteko Dabid Palaciosek azaldu duenez. «Hori da guri heldu zaigun azken barria, eta konkurtso hori zein oinarrirekin deituko duten jakin gura dugu».
Hain zuzen, Bizkaiko Foru Aldundiak enpresari ezarritako aurreneurrizko enbargoak eragindakoa izan daiteke hartzekodunen konkurtsoa deitzearen arrazoia, «enbargoa eragin duten zorrak kitatzeko».
Opor fiskalengatik 7,5 milioi euroko zorra du Inama enpresak Bizkaiko Foru Aldundiko Ogasun Sailagaz.
Kaleratzeei buruz ez dute berbarik egingo
Onartuta daukan Enplegu Erregulazio Espedientea baliatuta, lanera joan barik daude Inamako langileak egunotan, Palaciosek esan duenez. «Eusko Jaurlaritzako Lana eta Harremanak saileko arduradunekin batzarra egiteko zain gaude. Izan be, lana badago, baina Inamarentzat ziren eskaera guztiak beste lantoki batzuetara desbideratzen dituzte; Galiziara edo Teruelera».
Gainera, enpresak soldatak ordainduko ez ote dizkieten beldur dira langileak, kontu korronteak blokeatuta dituztela argudiatuta. «Halanda be, Bizkaiko Foru Aldundiko arduradunek argi esan ziguten arazorik ez legokeela enpresak idatziz kontuen gaineko enbargoa altxatzeko eskatuko balu».
Bestalde, kaleratzeei eta kalteordainei buruz berba egiteko bilerara deitu zituen enpresak langileak joan den astean. Azken horiek, baina, gai horreei buruz berbarik egingo ez dutela jakinarazi zieten enpresaburuei. «Enpresaren bideragarritasunari eta lantegia barriz martxan jartzeari buruz baino ez dugu berba egingo»,