"Lege zaharra lege barri" bihurtu gura dutela esan du Urkulluk estatuto egunean
“Lege zaharra lege barri” bihurtu gura du EAJk, gaur eguerdian Gernika-Lumoko Batzar Etxean egindako agerraldian azaldu dutenez. Jendez gainezka zegoen ekitaldian, “estatus barria” aldarrikatu du Iñigo Urkulluk, estatuto egunean. Dioenez, Euskadi “Europako nazioa” izateko lan egingo dute, Euskadik “erabakitzeko aukera irabazi” duela iritzita. Urkulluren berbetan, 1839ko urriaren 25ean, “herri honen” lege zaharra indargabetu zuten, baina 2015eko agintaldian lege barria eratuko dute “bakean eta askatsunean”.
Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak jakinarazi duenez, “estatus barria elkarrizketan eta akordioan oinarrituta egon behar da”. Aro barriaren atarian, “euskal gizartearen nahia” ibilbide demokratikoaren hasiera eta amaiera izan behar dela nabarmendu du. “Euskadik bere etorkizuna erabaki behar du askatasunean” deritzo Urkulluk.
EAJrentzat, autogobernua egutegian jartzen den ikur edo fetitxea baino askoz gehiago da. “Autogobernua ongizatea da; aurrerabidea da; munduan bere tokia bilatzen duen herri baten erregaia da” gaineratu du Urkulluk. Hala, Euskadik instituzionalki hazi behar duela iritzita, “menpekotasun gutxiago” gura dutela esan du. “Gure kabuz aukeratu gura dugu euskaldun barrien etorkizuna”.
Urkulluk azaldu duenez, euskal gatazka “ETA baino lehenago” sortu zen, eta bertan jarraituko du ETA desagertuta be. Horregatik, “indarkeriaren oztopoa barik”, euskal gizarteari dagokio Euskadi aro politiko barrira eroatea EAJko arduradun nagusiaren ustez.
“Orain ez dago aitzakiarik”, nabarmendu du bildutako alderdikideen aurrean. Alderdi politiko guztiak, egitasmoak planteatzera, partekatzera eta negoziatzera behartuta daudela iritzita, Euskadi Europako nazio izatea lortu behar dutela esan du Urkulluk. “Aniztasun politikoa berreskuratuta, hurrengo agintaldiak ireki behar du oinarri zabaleko adostasunaren bidea” gaineratu du. Izan be, Euskal Herriaren “borondate politiko eguneratua”, elkarrizketaren bidetik etorriko dela uste du.”Etorkizun barri bat merezi dugu eta etorkizuna eraikitzeko prest gaude” esan du.
“Estatutoaren garapena esperientzia txarra”
Urkulluren hitzetan, Gernikako Estatutua Euskal Herriaren “askatasunaren bidean egindako geldialdia” da, baina ez bidaiaren amaiera. Nabarmendu duenez, “estatutoa Euskadi barriaren lehenengo harria izan zen”. Hala, pausoak emoten jarraitu behar dutela deritzo.
Euzkadi Buru Batzarreko presidentearentzat, estatutoaren garapena “esperientzia txarra” izan da. Izan be, estatutoan adostutako konpetentziak bereganatzeko, “30 urte baino gehiago” behar izan dituztela argudiatu du. “Estatuak alde batera utzi zituen bere konpromisoak, baina EAJk konpromiso horiek berreskuratzea lortu du” goraipatu du Urkulluk. “Azken bi urteetan, gureak ziren eta estatuak gatibu mantentzen zituen hamazortzi eskumen berreskuratu ditugu” esan du alderdikideak zoriontzeko.
Jendetza Batzar Etxean
Gernika-Lumoko Batzar Etxea jendez gainezka izan da agerraldiak iraun duen bitartean. Izan be, EAJko alderdikideen eta boto-emaileen babesean egin du agerraldia Urkulluk.
Besteak beste, Jose antonio Ardanza lehendakari ohia, Andoni Ortuzar Bizkai Buru Batzarreko presidentea, Josu Erkoreka EAJko bozeramailea Espainiako kongresuan, Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia eta Ana Madariaga Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea izan dira Urkulluren berbak entzuten.
Bestalde, Euskal Herriko eta Espainiako komunikabide gehienak be, Urkulluren agerraldia jarraitzen egon dira.