Bilduko Iratxe Arriolak hartu du Ur Partzuergoaren presidentetza
Eskualdeko hamabost herritako, Bizkaiko Foru Aldundiko eta URA agentziako ordezkariek osatzen duten Busturialdeko Ur Partzuergoko asanbleako bozken gehiengoa lortuta, EAJko Igor Duñabeitia ordezkatuko du Iratxe Arriola Eako Bilduko zinegotziak erakunde horretako presidente karguan. EAJri erreleboa hartuta, «kudeaketa gardena eta parte hartzailea bermatzeko» lan egingo duela dio Bilduk.
«Eraldaketa integrala» egingo duela dio koalizioak eta, bide horretan, Ur Partzuergoaren «egoeraren inguruko diagnostikoa» egin gura du lehenbizi, «arlo guztietan». Hartara, «ur-baliabideen egoera, azpiegituren egoera, arlo ekonomikoaren osasuna, langilegoaren beharrak…» aztertu gura ditu. Izan be, dioenez, «kezka eta zalantza handiak agertu dira azken urteetan arlo horien guztien inguruan; gardentasuna, zoritxarrez, ez baita existitu orain arte». Bilduren ustez, herritar guztiek daukate Partzuergoaren egoera zein den jakiteko eskubidea.
Bestetik, Bizkaiko Foru Aldundiko zein Eusko Jaurlaritzako ur zuzendaritzetako ordezkariekin biltzeko asmoa be agertu du Bilduk, eta «egoera erreala jakin bitartean, ez da erabaki estrategikorik hartuko, arduragabekeria galanta» litzatekeelako, bere iritziz.
Dena den, zenbait arlotan pausoak emon gura ditu koalizioak, eta, horretarako, «aurreko legealdian hainbat hautetsik eta Bilduk herrialdeko programan bere egindako uraren dekalogoa hartuko da oinarri». Modu horretan «bestelako ur kudeaketa eredua defendatuko» dela deritzo, «gardena, parte hartzailea, jasangarria eta eskaeraren kudeaketan oinarritua».