Industria zabor ez arriskutsuak sailkatzeko Euskal Herriko lehenengo gunea aurkeztu dute Gernika-Lumon
Gernika-Lumoko Udalak industria zabor ez arriskutsuak sailkatzeko planta barriaren aurkezpen ofiziala egin du gaur eguerdian. Gernika-Lumokoa, industria hondakin ez arriskutsuak sailkatzeko eraiki duten Euskal Herriko lehenengo gunea da, eta enpresek sortzen duten zaborra hobeto kudeatzeko aukera emongo duela uste dute sustatzaileek. Hala, “pozarren” azaldu dira 2007an martxan jarri zuten proiektuak argia ikusi duelako. Ingurumen arloan “aurrerapauso handia” izango dela deritzote.
Goizargi Etxeandia Gernika-Lumoko alkateordeak azaldu duenez, “harro sentitu behar dugu industria zaborrak kudeatzeko proiektu aintzindaria delako gurea”. Orain arte, kalean jarrita zeuden edukiontzietan batzen zen Gernika-Lumoko industria zaborra, eta planta barriagaz birziklapena erraztuko dutela uste dute. Izan be, hondakinak hobeto sailkatzeko aukera izango dutela argudiatzen du.
Alkateordearen hitzetan, “lau urteko lan gogorraren emaitza da industria zabor ez arriskutsuak sailkatzeko planta”. Dioenez, Aloña Arronategi ingurumen zinegotzi ohiak eta Jesus Mari Alberdi alkateorde ohiak aurreko agintaldian martxan jarri zuten proiektuak “traba asko” aurkitu ditu bidean, baina dagoeneko martxan dago. Hala, proiektuak izan dituen gorabeherak ahaztuta, “pozik” azaldu da.
Gernika-Lumoko industriguneko enpresentzat, zein inguruko enpresentzat, proiektu “oso aberasgarria” izango dela uste du Etxeandiak. Izan be, enpresek ezin dituzte hondakinak eroan ohiko garbiguneetara, eta Beko Ibarrako industrigunean kokatu duten sailkatze plantagaz “ezinbesteko zerbitzu bat” jarriko dute enpresen eskura.
Aurkezpen ofiziala gaur egin arren, industria zabor ez arriskutsuak sailkatzeko plantako beharginek urtarriletik aurrera hartzen dituzte herriko enpresen hondakinak. Etxeandiak jakinarazi duenez, denbora tarte horretan, %175 handitu da sailkatze plantara eroan dituzten hondakinen kopurua, eta etorkizunean be, kopuru hori handitzen joatea espero dute.
“Lehenengo pauso historikoa”
Iosu Madariaga Bizkaiko Foru Aldundiko ingurumen sailburuarentzat be, “norabide egokian emondako lehenengo pauso historikoa da industria zabor ez arriskutsuak sailkatzeko planta”. Ingurumena zaintzeko “ezinbesteko proiektua” dela, eta apurka-apurka, “gainontzeko industrigunetan” ezarri behar den neurria dela deritzo. Hala, Gernika-Lumoko udalaren iniziatiba goraipatu du, eta gainontzeko udalek eta erakundeek tankera horretako proiektuak bultzatzeko ardura hartu behar dutela esan du.
Ingurumen diputatuaren hitzetan, “etorkizunean industria zabor ez arriskutsuak sailkatzeko planta gehiago zabaltzea espero dugu”. Izan be, zailena lehenengo pausoa emotea dela argudiatzen du.
Madariagak azaldu duenez, Basaurin lehenengo Garbigunea zabaldu zutenean be, gainontzeko udalek ez zuten begi onez ikusten proiektua. Halanda be, ordutik aurrera, Garbigune asko zabaldu direla nabarmendu du, eta sailkatze plantagaz be, bardin gertatzea espero du. “Hondakinen mundua arriskutsua dela zabaldu da gizartean, baina ez da egia. Neurri egokiak hartuz gero, hondakinak ez dira arriskutsuak”.
Sailkatze plantara eroan daitezken industria zaborrak
Obra hondakinak, autoen kolpe leungailuak, papera, kristala, pneumatikoak, egurra, plastikoa, metala, olioa, pintura, pilak eta bateriak eroan ditzakete enpresek Beko Ibarra industriguneko sailkatze plantara.