“Indarkeria da bardintasun ezaren arpegirik mikatzena eta injustuena”
Lau urtean Bermeoko alkate izan ondoren, Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasun Zuzendaritzako buru izendatu dute Xabier Legarreta (Bermeo, 1977). Berdintasun Zuzendari nagusia izango zara datozen lau urteetan. Zein izango da zure egitekoa eta zeintzuk lan ildo nagusiak? Zuzendaritza honetara sartzean, aurreko zuzendari bien lekukoa hartu dut, eta haiek, euren behar eta dedikazioagaz, daborduko ezarri eta finkatu dituzte, batetik, emakumeen eta gizonen berdintasunaren eta generoaren politiken gaineko foru-jardueraren oinarriak, eta, bestetik, herritarren eskubideak eta garapenerako lankidetza. Hori holan, garrantzitsua begitantzen zait hasitako estrategiekin segidutea eta ahal den neurrian hobetzea, honako helburu hauek lortzeko asmoz: Instituzioaren barruan behar egitea, politika guztiak bardintasunaren, eskubideen unibertsaltasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioekin koherenteak izan daitezen. Aipatutako lehen lan ildoaren inguruan, adibidez, zelan ikusten duzu gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasuna gaur egungo gizartean? Alkate izan zarenean Bermeon zenbait eraso izan dira emakumezkoen aurka, eta komunikabideetan ia egunero agertzen den gaia da. Personak, orokorrean, eta nire belaunaldikoak, zehazki, bardintasunaren ilusioa deitzen dugun horretan bizi gara sarritan. Legez diskriminaziorik ez dagoen gizarte baten hezi gara. Neskak eta mutilak, itxuraz, leku bardinetara joan gara eta aukerak ez dira, teorikoki, sexuaren arabera emon edo ukatzen. Baina apur bat sakonago begiratuz gero, arin ikusiko dugu emakumeek eta gizonek oraindik ez dutela zeregin bardina [...]
Lau urtean Bermeoko alkate izan ondoren, Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasun Zuzendaritzako buru izendatu dute Xabier Legarreta (Bermeo, 1977).
Berdintasun Zuzendari nagusia izango zara datozen lau urteetan. Zein izango da zure egitekoa eta zeintzuk lan ildo nagusiak?
Zuzendaritza honetara sartzean, aurreko zuzendari bien lekukoa hartu dut, eta haiek, euren behar eta dedikazioagaz, daborduko ezarri eta finkatu dituzte, batetik, emakumeen eta gizonen berdintasunaren eta generoaren politiken gaineko foru-jardueraren oinarriak, eta, bestetik, herritarren eskubideak eta garapenerako lankidetza. Hori holan, garrantzitsua begitantzen zait hasitako estrategiekin segidutea eta ahal den neurrian hobetzea, honako helburu hauek lortzeko asmoz: Instituzioaren barruan behar egitea, politika guztiak bardintasunaren, eskubideen unibertsaltasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioekin koherenteak izan daitezen.
Aipatutako lehen lan ildoaren inguruan, adibidez, zelan ikusten duzu gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasuna gaur egungo gizartean? Alkate izan zarenean Bermeon zenbait eraso izan dira emakumezkoen aurka, eta komunikabideetan ia egunero agertzen den gaia da.
Personak, orokorrean, eta nire belaunaldikoak, zehazki, bardintasunaren ilusioa deitzen dugun horretan bizi gara sarritan. Legez diskriminaziorik ez dagoen gizarte baten hezi gara. Neskak eta mutilak, itxuraz, leku bardinetara joan gara eta aukerak ez dira, teorikoki, sexuaren arabera emon edo ukatzen. Baina apur bat sakonago begiratuz gero, arin ikusiko dugu emakumeek eta gizonek oraindik ez dutela zeregin bardina gizartean; emakumeek zailtasun gehiago dituztela behar batzuk eskuratzeko, garrantzia politikodun karguak betetzeko, erabakiak hartu behar diren lanpostuetan egoteko. Emakumeei gitxiago ordaintzen zaie euren beharragatik eta eurei dagokie eremu pribatuko beharren zati handiena, ezelako ordainsaririk edo autorpenik jaso ahal izan barik. Bardintasunaren gaineko aurrerapenak ezin dira zalantzan ipini, baina horrek ez du esan gura egiteko daukagun bidea ukatu behar dugunik. Indarkeria da horren adibide argi eta dramatikoa. Izan be, berau da bardintasun-ezaren arpegirik mikatzena, injustuena eta gogorrena. Bardintasun ezik barik ez dago erasorik.
Zeintzuk dira gizonezkoen eta emakumezkoen bardintasunaren arloan dauden arazo nagusiak, zure ustez?
Zailtasunik handienetako bat ikusezintasun hori da, hain zuzen be. Batzuen ustez, daborduko lortu dugu bardintasuna, legeek alderdi hori jorratzen dute-eta. Iritzi-korronte horrek, azken hamarkadetan sortu diren aurrerapenak ikusita, begiak ixten ditu eguneroko bardintasun ezen aurrean. Ezin diogu adi egoteari utzi eta orain arte lortu duguna benetako bardintasuna lortzeko pizgarria izan behar da.
Zuzendaritzako bigarren lan ildora pasatuz, komentatuko al diguzu zein arazo izaten dituzte etorkinek, ijitoek, homosexual edota transexualek? Eta badakizue zer egingo duzuen arazo horiei aurre egiteko?
Edozein gizartetan «normaltzat» jotzen denarekiko ezberdinak direnekin –bai identitateagatik, bai beste edozerengatik– izan ohi ditugun harremanetan hainbat fase egon daitezke: hasteko, ezezaguna denari izaten diogun beldurra eta, batez ere, ezezaguna den horrek gizartean ordura arte ohikoa izan dugun funtzionamendua aldatzeari diogun beldurra; azkenean, errespetuan oinarritutako gizarteratzea be ager daiteke, baina bien bitartean aurrez aurreko gatazkak egon daitezke, bazterkeria, erakundeen edota gizartearen bereizkeria, etab. Bizkaian, persona guztiak berdinak gara administrazioaren aurrean, baina etorkin, ijito, homosexual, bisexual eta transexualek, batzuetan, bai pairatzen dute gizartearen estigmatizazioa, tratu-desberdintasuna, ghettifikazioa edota prekarietatea. Indarkeria fisikoa bera be bai. Eta hori guztia gertatzen da, azken finean, pertsona horien identitate-ezaugarrietako bat (edo batzuk) ez delako gizartearen gehiengoak duen ezaugarri bera. Berdintasunerako Zuzendaritzan hiru arlo jorratuko ditugu. Lehenengo, aztertuko dugu zein den politikek —printzipioz neutroak diren arren— talde bakoitzean dituzten inpaktu berezia, eta inpaktu negatiboak zuzentzeko moduak proposatuko ditugu. Bigarren, sustatuko dugu persona horiek elkarteetan bil daitezela eta parte hartze publikoa izan dezatela. Eta, hirugarrenik, babesa eskainiko diegu elkarte horiek eta GKEek gizartea sentsibilizatzeko eta gizartea bera aldatzeko aurkezten dituzten proiektuei.