«Arrazoiaren bidez mundu hobe bat lortzea posible» zela uste zuten ilustratuek. «Erabat sinesten zuten aurrerapenean, alderdi guztietan hobetzeko; gaur egungo hitzetan, herritarren bizi-kalitatea hobetzeko». Aurrerapenaren alde, honako jarduera hauek proposatu zituzten: baserrien oparotasuna bermatzeko, nekazaritza eta abeltzaintzako produkzioa areagotzea; burdingintzaren lehiakortasuna berreskuratzea; beste industria batzuk sustatzea; hezkuntza hobetzea; udalerriak azpiegiturez hornitzea…». Hori guztia izango dute ardatz Ondareari buruzko Europako XI. Jardunaldiek.
Argiak eta Aurrerapena. Bizkaia Ilustrazioaren garaietan da jardunaldien aurtengo leloa eta, besteak beste, baserri inguruan, industria arloan edo zerbitzuetan oinarritutako hiriaren kontzeptu barrian Ilustrazio garaian proposatutakoak jarriko dituzte interesatuen eskura. «Bizkaitar batzuek bertako herritarrak zibilizatzeko, hezteko eta haien adimena pizteko eginiko ahalegina ezagutaraztea, haien lorpenen barri ematea eta haien historia kontatzea. Horiek dira, besteak beste, edizio honetako helburuak», Miren Josune Ariztondo Kultura diputatuaren berbatan.
Bizkaiko Foru Aldundiak urtero antolatzen dituen jardunaldi hauetan 60 udal, museo eta kultur erakundek baino gehiagok parte hartzen dute, Lea-Artibaikoak eta Busturialdekoak tartean. Hala, aurtengo ibilbideari hilabetea hasteagaz batera ekin arren, zapatuan hasiko dira jardunaldietako jarduerak gure eskualdeetan, Ibarrangelu, Elantxobe-Ea ibilbidea autobusez egin eta Natxituko eliza neoklasizista edota Eako etxebizitzek planteatzen duten erosotasuna, argitasuna… ezagutzeko aukera emonaz.
Busturialdeko zein Lea-Artibaiko herri gehienetan, baina, bisita gidatuak egingo dituzte. Elizaren eta udaletxearen arteko bisita egingo dute Bermeon, hiru egunetan. Urtubiaga burdinola eta bertako arku uharka bisitatuko dute Ean. Etxebarrian, barriz, Munibe jauregia bisitatuko dute. Markina-Xemeinen Mogelen pausoen atzetik egingo dute bisita gidatua.
Berriatuan, Etxe Pintxuko margolan misteriotsuetara bisita gidatua egiteaz gain, hitzaldia emongo du Alberto Santanak.
Gernika-Lumon, bestalde, Argien mendeari buruzko informazioa emongo duen bisita gidatua egingo dute, Alegria Jauregian. Horrez gain, Conjunto Barroco de San Sebastianek kontzertua emongo du. Foruan be kontzertua emongo dute, Tourseko San Martin elizan.
2001. urtetik etengabe
Lekeition eta Ondarroan be hitzaldi bana izango dira. Egun berean, Pedro Bernardo Villarreal de Berrizi buruzko hitzaldia emongo du Pilar del Valle de Lersundi Manso de Zuñigak Lekeition, Eusebio Erkiaga kultur etxean. Ondarroan, aldiz, Antonio San Martin y Burgoa eta ‘Nekazari Euskalduna’ izango du hizpide Joseba Zuazo Olozagak. Kofradia zaharreko hitzaldi aretoan izango da berbaldia.
Asteburuan hasi eta urriaren 29ra arte iraungo dituzte jardunaldiek Busturialdea eta Lea-Artibai eskualdeetan. Europako Kontseiluaren proposamena diren Ondareari buruzko Europako Jardunaldi horiek 1981ean sortu ziren. Ondoren, 1999. urtetik, Europar Batasun osorako ekitaldi bihurtu ziren, Europako herritarrei ezagutarazteko zer nolako garrantzia duen ondareak kontinenteko kulturan eta eguneroko bizitzan.
Bizkaiko Lurralde Historikoan, zehatz esanda, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak sustatuta, 2001. urtetik aurrera etengabe egin dira ondare jardunaldiak, eta gai berezi bat izan dute egin izan duten edizio bakoitzean.
Antzeztutako bisitak Ondarroan, hilaren 9an eta 23an
Beste herri batzuetan ez legez, berezitasun bategaz helduko dira Ondarroara ondareari buruzko jardunaldiak. Hain zuzen, antzeztutako bisitak egingo ditutze, hilaren 9an eta 23an.
Turismo Bulegoak antolatu ditu bisita berezi horiek, Trasman & Brix antzerki taldearen laguntzagaz. Antzezlana Imanol Oruemazagaren Ondarroa Erraustua (1794) idazlanean dago oinarrituta, hain zuzen.
Bisita antzeztuak egingo dituzten bi egunetan alde zaharra trafikoari zarratuta egongo dela jakinarazi du Turismo Bulegoak. Eliza aurrean antzeztuko dute bi egunetan, 10:30etik 11:30era. Eguraldiak laguntzen ez badu, elizpean egingo dute antzezlana.
Ondareari buruzko Europako XI. Jardunaldiak
- Bermeo. Elizaren eta udaletxearen artean. Bisita gidatuak urriaren 15ean, 22an eta 29an, 13:00etan, Andra Mari elizaren arkupeetan. Informazioa eta erreserbak: 94-617 91 54.
- Berriatua. Etxe Pintxuko margolan misteriotsuak. Bisita gidatua eta hitzaldia, Alberto Santanaren eskutik. Urriaren 15ean, 18:00etan, herriko plazan. Informazioa: 94-613 70 30.
- Ea. Urtubiaga burdinola eta bertako arku uharka. Bisita gidatua. Urriaren 22an, 11:00etan, herriko plazan. Informazioa eta erreserbak: 94-627 52 27.
- Ea, ibarrangelu eta elantxobe. Busturialdea neoklasikoa. Ibarrangelu, Elantxobe, Ea ibilbidea, autobusez. Urriaren 8an, 10:00etatik 13:00etara, Ibarrangeluko elizaren parean. Informazioa eta erreserbak: 94-465 08 22.
- Etxebarria. Munibe jauregia: Ilustratuaren etxea. Bisita gidatua. Urriaren 9an, 11:00etan eta 17:00etan, Markina-Xemeingo udaletxe aurrean. Informazioa eta erreserbak: 94-616 63 03.
- Forua. Tourseko San Martin: Erromatik XXI. mendera. Kontzertua. Urriaren 22an, 19:00etan, Tourseko San Martin elizan. Informazioa: 94-625 51 16.
- Gernika-Lumo. Argien mendea Alegria jauregian. Bisita gidatua eta kontzertua Conjunto Barroco de San Sebastian taldearen eskutik. Bisita gidatuak, urriaren 14an eta 15ean euskaraz, eta 28an eta 29an gazteleraz. 12:00etan eta 17:00etan, Euskal Herria museoan. Kontzertua, urriaren 29an, 19:00etan, Euskal Herria museoan. Informazioa eta erreserbak: 94-625 54 51.
- Lekeitio. Pedro Bernardo Villareal de Berriz. Pilar del Valle de Lersundi Manso de Zuñigaren hitzaldia. Urriaren 20an, 19:00etan, Eusebio Erkiaga kultur etxeko Azkue aretoan. Informazioa: 94-684 40 17.
- Markina-Xemein. Mogelen pausoen atzetik. Bisita gidatua. Urriaren 15ean, 16:00etan; urriaren 16an, 11:00etan. Udaletxearen parean. Informazioa eta erreserbak: 94 -616 63 03.
- Ondarroa. Ondarroako berreraikuntza. Bisita gidatua, antzeki giroan, Tramana & Brix taldearen eskutik. Urriaren 9an eta 23an, 11:00etan, Kofradia zaharretik (Erribera, 9). Informazioa eta erreserbak: 94-683 19 51. Antonio San Martin y Burgoa eta ‘Nekazari Euskalduna’. Joseba Zuazo Olozagaren hitzaldia. Urriaren 20an, 19:00etan, Kofradia zaharreko hitzaldi aretoan (Erribera, 9). Informazioa: 94-623 19 51.