Bake Bidean. Aterabide demokratikoen akordioa edo Gernikako Akordioa sinatu zenetik urtebete igaro dela eta, ekitaldia egin dute sinatzaileek gaur eguerdian, Gernika-Lumoko Lizeo Antzokian. Barikuan iragarri bezala, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) bat egin du Akordioagaz, gaurko ekitaldian emanez hartutako konpromisoa berresten duen izenpea. Giltzapean daudenen izenean hitza hartuta, “egunero zapalduta” egon arren “presoak tinko eta zutik” daudela-eta gaurko egunean hainbat tona duintasun ordezkatzen dituela esan du Itziar Galardi preso ohiak. Haren esanetan, EPPK-k era aktiboan parte hartu gura du abian jarritako prozesuan. Gainera, presoen parte hartzea bermatzea ezinbestekoa dela esan du Galardik. “Ez dugu presoen alde egingo, presoekin egingo dugu bidea. Gure artera ekarriko ditugu eta elkarrekin egingo dugu bidea”.
Jose Mari Gorroño alkateak ateak eta leihoak beste batzuentzat be irekita daudela nabarmendu du, EPPK-ren atxikimendua “esanguratsua” dela esanez. “Mugarri garrantzitsua ipini dugu gaur”.
Bestalde, Gernikako Akordioa sinatu dutenen nahia “justizian oinarritutako bakea, giza eskubide guztien bermea ahalbidetzen duen bakea, izan nahi duguna askatasunez erabakitzea ahalbidetzen digun bakea, garaile eta garaitu gabeko bakea, bake iraunkorra” dela esan du Lore Martinezek. Urtebeko ibilbidean “argilunez beteriko uneak” izan direla gaineratu du, baina, aitzitik, gertaera pozgarri bi izan direla nabarmendu du. “Batetik, ETAk eman duen urratsa oso positibotzat eta balio handikotzat jotzen dugu. Gatazkaren adierazpiderik gordinetakoa izanda, dudarik gabe, bake prozesu eragingarria ahalbidetzen duen erabakia da. Bestaldetik, herritarrek Gernikako Akordioari mota guztietako mobilizazioetan erakutsi dioten babesa eta atxikimendua zinez pozgarria iruditu zaigu, Gernikako Akordioak duen sinesgarritasunaren froga”.
Alabaina, “gatazkan inplikatuta dauden denek berdin jokatu ez” dutela gehitu du Martinezek. “Horrela ulertu behar da errepresioaren handitzea, bereziki gordina azken hilabeteotan”. Zentzu horretan, Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea baduela eta izango duela esan du Martinezek. “Espainiako Estatuak hori onartu beste biderik ez du”.
Urteko ekintza plana be zehaztu dute Gernikako Akordioaren sinatzaileek. Batetik, orain arteko lanari eustea dute helburu eta, bestetik, sinatzaileen arteko elkarlanean sakontzea. Indarrak egindakoaren sozializazioan jarriko dituztela nabarmendu dute, hori baita “prozesua edukiz jantziko duena eta gizartea prozesuaren motor bilakatuko duena”.
Lau printzipiotan oinarrituriko konponbidearen aldeko lana egingo dute sinatzaileek:
- Integrala
- Demokratikoa
- Galtzailerik gabekoa
- Elkarrizketatua
Horren harira, dituzten printzipioak ondokoak direla azaldu dute:
- Herritarren parte hartzea
- Etenik gabeko interlokuzioa
- Lan instituzionala
- Naziioarteko harremanak erakundeekin
- Komunikazioa
Azkenik, dinamika hori ondoko hiru helburuak lortzeko landuko dutela esan dute:
- Preso politikoen egoera hobetzea
- Legalizazioa
- Erasoen desaktibazioa eta biktima guztien errekonozimendua
Horreatik guztiagatik, urriaren 22an
Euskal Herriak konponbidea nahi du lelopean Bilbon izango den manifestazioan parte hartzera deitu dute.