Madariaga Dorretxean oraintsu ireki duten taberna kulturalak zeresana emon du. Izan be, Zain Dezagun Urdaibai elkarteak taberna «legez kanpokoa» dela salatu du, eraikin horrek «erabilera soziokultural eta administratiboak bakarrik onartzen» dituela argudiatuz. Aitzitik, tabernak baimen guztiak dituela adierazi du Ihobe Eusko Jaurlaritzaren sozietate publiko eta Euskadiko Biodibertsitate Zentroko kudeatzaileak. Bada, Ingurumen Sailak, Busturiko Udalak edo Ihobek, dagokionak, Plan Berezia idazteko prozedura has dezatela edo Busturiko hirigintza arloko arauak alda ditzatela eskatu du Zain Dezagun Urdaibai talde ekologistak, modu horretara «eraikin barria eta horri erantsitako sotoa legeztatuko» liratekeela iritzita.
Busturiko Udalak 2008. urtean emondako lizentzia eta 2011ko ziurtagiria dutela azaldu du Ihobek. «Dana behar bezala dago eta ez dago legez kontrako ezer; are gehiago, Udalak berak taberna ireki aurretik bere oniritzia emon zigun, Udaleko arkitekto-aholkulariak lekuaren ikuskapena egin ostean».
Ihoberi erantzunez
Ihobek esandakoen aurrean ondokoa adierazi du talde ekologistak: «Zain Dezagun Urdaibaik ez du inolaz be baieztatu Ihobe sozietateak ez dituela baimen administratibo guztiak, baizik eta ez dugula horren dokumentu frogarik». Gainera, ZDUren ustez, «lizentziak edukitzeak ez du esan gura araudiaren arabera emon direnik».
Horren harira, txostena ikusteko aukerarik izan ez dutela salatu du Zain Dezagun Urdaibaik: «ez gaituzte jakinaren ganean jarri, arrazoitzeko aukerarik be ez dugu izan...».
Era berean, Ihobek eskuratutako baimen guztiak parte hartze eta informazio kontuetan ezarritako pauso legalak jarraituz emondakoak diren ala ez egiaztatu beharko luketela uste du Busturialdeko taldeak.
Beste alde batetik, Busturiko hirigintza-plangintzaren arautegiak Madariaga Dorretxeari eta inguruari dagokionez muga argiak ezartzen dituela azaldu du ZDUk, eta horri lotutako zenbait artikulu erabili ditu, adibide gisa. Esate baterako, 225 artikuluak honako hau dio: «Eraikin honetan soilik erabilera soziokultural eta administratiboak onartzen dira». 191. artikuluak, bestalde, euren interes kulturala dela-eta babestutako eraikinetan obra eta instalazioak arautzen dituela gogorarazi dute Zain Dezagun Urdaibaiko kideek.