RINDER enpresaren etorkizuna kolokan dagoela eta enpresa taldea burutzen ari den irregulartasunak salatu ditu LABek. Eusko Jaurlaritzak enpresak aurkeztutako azken erregulazio espedientea onartu du. Horren arabera, txandaka, langileek martitzenetik eguenera bakarrik egingo dute lan. Produkzioko 30 bat langileri eragiten die horrek, “ez buegoan daudenei; eta bulegoetan, gaur egun, produkzioan baino jende gehiago dago lanean”, azaldu du enpresa horretan LAB sindikatuko delegatua den Joseba Arriagak. Beste 15 langile inguruk, bere borondatez lanpostua utzi dutela azaldu dute. Enpresak bi urteko langabezia eta 40.000 euro eskaini dizkie, “eta etorkizunaez dago argi, eta askok onartu egin dute. Dena den, langile horien antzinatasuna kontuan hartuta, emon dietena baino indemnizazio handiagoa emon beharko lieke enpresak”, azaldu du Busturialdean LAB sindikatuko metalgintzako arduraduna den Jon Iñaki Alkortak. Baina lana egon badagoela salatu du sindikatuak. “Jaurlaritzagaz espedientea negoziatzen ari zirela enpresatik makinak eta tresneria atera dituzte, eta Gernika-Lumon dagoen Urdaiservi enpresa eroan, Foruan barik han ekoizteko”, salatu du Alkortak. “Gasteizeko lantokian be berton egiten zirenak egiten dituzte orain”. Horregatik, kanpora atera beharrean, “Foruan produzkioa handituz gero, RINDER enpresaren erregulazio txostenak ez luke zentzurik”. Are gutxiago Zamudioko lantegia. Indiakoa edota Vietnamen egiten ari direna kontuan hartuta. “Horien guztien finantziazioa Foruko langileek produzitu dutenetik atera da”. Egunean 9 orduko lanaldiak [...]
Madalen egun ate joka dagoela eta, ohiko bilera egin zuten Bermeoko, Mundakako, Elantxobeko, Ibarrangeluko udalek, Gurutze Gorriak, Ertzaintzak, Portu Zuzendaritzak, Larrialdi Zerbitzuak, Babes Zibilak eta Itsas Kapitaintzak, segurtasun neurriak ezartze aldera. Elantxoben batutakoek datozen urteetara begira segurtasun araudi espezifiko bat egitearen alde egin zuten, aurtengorako be zenbait neurri ezarriz. Hala, besteak beste, portura sarbidea izango duten ontzien kopurua mugatuko dute hilaren 22an, istripuak saihestekotan. Jarduera protokoloa ezarri gura du Udalak araudi espezifikoaren bitartez. Horrez gain, balizko istripu larri baten aurrean erantzukizun partekatuaren alde agertu da. 1996an gazte bat portutik jausterakoan tetraplegiko geratu zela gogora ekarriz, horrelakorik errepikatzerik ez dutela gura esan du Elantxobeko alkate Koldo Olagibelek. «Egin dezagun amankomuneko aseguru bat eta erantzukizunak partekatzeko araudi espezifiko bat». Elantxobeko Udalaren egoera ekonomikoa ez dela ona nabarmendu du Olagibelek eta, horrenbestez, zailtasunak dituela segurtasun neurri espezifikoak ezartzeko eta balizko istripu larriei aurre egiteko. Aurten, bestalde, portutik kanpo egingo dute makilaren ekitaldi sinbolikoa. Ohiturari jarraituz, portura heltzean emon ohi dio Elantxobeko alkateak aginte makila Bermeokoari, baina aurten ez da portua izango horren lekuko. Idurre Bidegurenek, hortaz, portutik kanpo hartuko du makila Koldo Olagibelen eskuetatik. Segurtasun neurriak Bestalde, aurten be ibilgailuen sarbidea mugatuko du Ertzaintzak. Zehazki, Ibarrangelun egongo dira ertzainak kreditaziorik ez dutenei sarbidea [...]