Elantxobeko arraun taldeak garaipenaren olatuan jarraitu gura du asteburuan
Elantxobeko arraun taldeak garaipenaren olatuan jarraitu gura du asteburuan. Zapatuan, Sestaoko estropada lehiatuko dute, eta domekan, barriz, etxeko estropada lehiatuko dute zaleen babesean. Bi estropadak 12:00etan hasiko dira eta Elantxobeko arraunla...
Elantxobeko arraun taldeak garaipenaren olatuan jarraitu gura du asteburuan. Zapatuan, Sestaoko estropada lehiatuko dute, eta domekan, barriz, etxeko estropada lehiatuko dute zaleen babesean. Bi estropadak 12:00etan hasiko dira eta Elantxobeko arraunlariekin batera, Mundakako arraunlariak be, irteera lerroan izango dira.
Patxi Egurrola Busturialdeako presidenteak azaldu duenez, «arraunlariak gogotsu daude eta aurreko postuetan ibiltzea espero dugu». Dioenez, etxeko estropada irabaztea «ederra» litzateke, baina «uretan» erakutsi behar dute indartsuenak direla.
Hala, domekako estropadan zaleen babesa izatea «onuragarria» izango da presidentearen ustez. Denboraldiko lehenengo proba irabazi ostean, herritarrak eta arraunlariak domekako estropada heltzeko gogotsu daude. Iaz taldea mailaz bajatu ondoren, herritarrak «ilusioz gainezka» daude eta poztasun momentuak emoten jarraitu gura dute taldekideek. «Sasoiko gaudela, eta lehenengo garaipena kasualitatea baino gehiago izan dela erakutsi gura dugu» dio Egurrolak.
Mundakako arraun taldea, bestalde, erritmoa hartzen jarraitzeko asmoagaz doa asteburuko estropadetara. Javi Olazar presidenetaren hitzetan, «gutxi urten gara traineruagaz itsasora, eta hobetzeko tartea handia dugu oraindik». Ohorezko txanda urrun ikusten duten arren, bigarren txandan egonkortu gura dute taldekideak.
Zapatuan Sestaon
Zapatuan, bestalde, Sestaoko uretan lehiatuko dute estropada bertoko bitaldeek. Bilboko ibaian kalea eta korrontea oso garrantzitsuak dira garaipenaren lehian egoteko. Egurrolaren hitzetan, “errekan egin beharreko estropadak ezberdinak dira”, eta gainera, “lehenengoz” egingo dute arraunean errekan traineru barriagaz.