Palestinarrei elkartasuna erakutsiko die Gernikako herriak
Palestinako herriari elkartasuna erakutsi gura die Gernikako herriak; horretarako, ekitaldi berezia egingo dute domekan, 12:00etan, Foru plazan, Gernika Batzordeak antolatuta eta Udalaren laguntzagaz. Hain zuzen, 2003ko apirilean, bonbardaketaren urteu...
Palestinako herriari elkartasuna erakutsi gura die Gernikako herriak; horretarako, ekitaldi berezia egingo dute domekan, 12:00etan, Foru plazan, Gernika Batzordeak antolatuta eta Udalaren laguntzagaz. Hain zuzen, 2003ko apirilean, bonbardaketaren urteurrenaren harira hamabi margolarik egindako Gernika koadroaren erreprodukzioa ipiniko dute ikusgai. Ekitaldi horretan Alfonso Sastre idazleak –edo haren alabak–, Gernika Batzordeko kideek eta artelana margotu zuten artistak izango dira.
“Gernika-Lumoko herria urte askotan Palestinako herria jasaten ari den zapalkuntzaren eta okupazioren aurka” dagoela erakutsi gura dutela azaldu du Jose Mari Gorroño alkateak. “Munduak jakin dezan Gernikako herria biolentziaren aurka eta giza eskubideen alde dagoela”.
Gernikaren erreplika Gazara
Domekan egingo dute ekitaldia, baina bihar ipiniko dute Gernika koadroaren erreprodukzioa ikusgai, udaletxe aurrean. Gainera, erreprodukzio horren erreplika txiki bat Gazara bidaliko dutela azaldu du Gernika Batzordeak. Asmoa, baina, Picassok egindakoaren neurri bardinak dituen 12 artisten lan hori be Palestinara bidaltzea da, han erakusten jartzeko.
Hilaren bukaeran aterako da Askatasunaren bigarren flotilla Gazara bidean. 15 itsasontzi joango dira, eta horietako batek Gernika izena du.