Biodibertsitatearen aldeko bigarren jaialdia ospatuko dute zapatuan
Iazko Biodibersika jaialdi arrakastatsuaren ostean, biodibertsitatearen aldeko bigarren jaialdia ospatuko dute zapatuan Busturiko Madariaga Dorretxean. 12:00etatik aurrera, musikaz gozatzeko eta bestelako jardueretan parte hartzeko aukera izango da Bus...
Iazko Biodibersika jaialdi arrakastatsuaren ostean, biodibertsitatearen aldeko bigarren jaialdia ospatuko dute zapatuan Busturiko Madariaga Dorretxean. 12:00etatik aurrera, musikaz gozatzeko eta bestelako jardueretan parte hartzeko aukera izango da Busturin. Guztira, hamabost orduko iraupena izango du jaialdiak eta hamabi bat talde igoko dira taula gainera; etenik barik eta bata bestearen atzetik. Jaialdiaren helburua jendea «biodibertsitatearen garrantziaz jabetu dadila» da, musika adierazpide bezala erabiliz.
Jaialdiko antolatzaileek azaldu dutenez, «musika genero guztiak» batu gura izan dituzte Biodibersika-n. Izan be, hori da biodibertsitatearen funtsa: «ahal den aniztasun handiena biltzea». Jakinarazi dutenez, interpretazio desberdinen garrantzia nabarmendu gura dute jaialdiagaz, gizabanakoekin, espezieekin eta ekosistemekin gertatzen den bezala.
Musikaz gain, Madariaga Dorretxera doazenek ondo pasatzeko bestelako aukerak be izango dituzte. Artea, musika eta iraunkortasuna uztartuz, adibidez, zenbait tailer antolatu dituzte. Zaborragaz musika tresnak egiteko tailerrean, dantza tailerretan eta txalaparta flamenko tailerrean parte hartzeko aukera egongo da.
Bestalde, truke azoka be izango da eta bertako produktuak dastatzeko gune bat jarriko dute antolatzaileek.
Mugikortasun iraunkorra
Mugikortasun arazoak ekiditeko eta auto ilararik ez sortzeko, doako autobus zerbitzua jarriko dute Madariaga Dorretxekoek. Autobus zerbitzua 21:00etan jarriko dute martxan eta jaialdiaren amaiera arte iraungo du. Bermeora, Bilbora edo Gernika-Lumora joateko aukera izango da.