Hiru urte luzatu diote zigorra Elias Fernandez bermeotarrari
Espainiako Auzitegi Nazionalak hiru urte luzatu dio zigorra Elias Fernandez euskal preso politikoari. Bermeotarraren lagun batek jakinarazi duenez, “Parot Doktrina aplikatu diote eguerdian eta hiru urte gehiago egin beharko ditu kartzelan”. Fernandezen lagun bi, Gijonen (Asturias; Espainia) zeuden albistearen berri izan dutenean. 15:00ak aldera, abokatuaren deia jaso dute: “Fernandezi zigorra luzatzen diotela egiaztatu du Auzitegi Nazionalak”.
Asturiasera (Espainia) joan den lagunetako batek azaldu duenez, “susmatzen genuen, baina gogorra izan da”. Konstituzio Auzitegiari buruz azkenaldian argitaratu diren albisteek, “ilusioa” piztu zien, baina ilusioak “ez du iraun”. Orain, helegitea jarriko dutela esan du.
Fernandez 1986ko ekainean atxilotu zuten Guardia Zibilek eta gaur egun, Villabonako (Asturias; Espainia) kartzelan dago. Villabonan amaitu aurretik, halanda be, hamar lekualdatzen jasan behar izan ditu. Hurrenez hurren, Carabanchelen, Alcala Mecon, Herrera de la Manchan, Puerton, Tenerifen, Valdemoron, Castellonen, Langraitzen, Castellonen eta Villabonan izan dute preso.
Eskualdeko presoaldi luzeena
Fernandezek 25 urte daramatza barrote artean, eta kartzelan urte gehien egin dituen eskualdeko presoa da. 24 urtegaz sartu zuten kartzelan, eta bizi erdia egin du espetxetik espetxera. Gaur egun osasun arazo larriak ditu.