Sendo sartu da Bildu agertoki politikoan, alkatetza asko lortuz
Busturialdean Bildu nagusitu da, 13.877 boto lortu ondoren; EAJk, ostera, 10.352 boto lortu ditu eskualdean
Bermeo. Emakumezko batek hartuko du hurrengo legealdian Xabier Legarreta jeltzalearen erreleboa Bermeoko alkatetzan, 4.419 boto lortu baititu Idurre Bideguren buru duen Bilduren zerrendak. EAJk, aldiz, 3.985 boto lortu ditu 2011ko Udal eta Foru hauteskundeetan; koalizioak baino 434 gutxiago, zehazki. Horrenbestez, Bilduk Bermeon bertan egindako ekitaldi nazionalean Pello Urizarrek esandakoa bete egingo da; alegia, Madalen egunean Idurre Bidegurenek botako duela teila Izaro aurrean.
Jasotako botoen arabera, bederatzi zinegotzi izango ditu Bilduk Bermeoko Udalean, EAJk bat gutxiago izango duen artean. Aralarrek, PSE-EEk eta PPk, bestalde, ez dute ordezkaritzarik izango datozen lau urteetan, 386 boto, 236 boto eta 130 boto lortu baitzituzten atzo, hurrenez hurren.
Gernika-Lumo. Bilduren aldeko botoa emon zuen atzo gernikarren gehiengoak. 5.880 boto eskuratu zituen alderdi horrek, Udalean ordezkaritzaren gehiengoa eskuratuz (12 zinegotzi). Euzko Alderdi Jeltzalea izan zen bigarren indarra, baina boto askoren aldeagaz. Hain zuzen, 2.320 boto izan zituen EAJk, eta 5 zinegotzi. Dana dala, azken lau urteetan izan duen zinegotzi kopurua mantendu egingo du EAJk, eta bost ordezkari izango ditu Gernika-Lumoko Udalean. Zinegotzien gehiengoa, barriz, Bilduk izango ditu: 12 guztira. Izan be, atzoko emaitzek kalte egin diete orain arte Udalean ordezkaritza izan duten PSEri eta Aralarri. Bi horiek ordezkaritza barik geratu dira. 2015. urtera arteko agintaldian, beraz, bi alderdik baino ez dute izango ordezkaritza Gernika-Lumoko Udalean.
Elantxobe. Elantxobeko Bilduk, bestalde, boto bateko aldegaz irabazi ditu Udal hauteskundeak. Lehia estua izan ostean, Bildu koalizio barria alkatetzan izango da datozen lau urteetan, eta Koldo Olagibelek gidatuko du Udala.
Ibarrangelu. Ibarrangelun Armenduren herri hautagaitzak agintean jarraituko du datozen lau urteetan, baina aurreko legealdian baino babes handiagoa izango du. Herri hautagaitzak 2007an baino 114 boto gehiago eskuratu ditu. Bigarren aldiz jarraian, Jesus Mari Ziluaga izango da herriko alkatea, eta ibarrangeluarra «oso pozik» azaldu da. Nabarmendu duenez, «orain lau urte bost botoko aldeagaz irabazi genuen, baina oraingoan babes handiagoa izan dugu».
Nabarniz. Lau zinegotzi lortu ostean, Nabarnizko Bildu alkatetzan izango da datozen lau urteetan. Lorena Zubizarreta alkate barriaren hitzetan, «Bilduk irabaztea espero genuen, baina ezustekoa izan da zinegotzi kopuruan horrenbesteko aldea egotea». Izan be, EAJk zinegotzi bakarra eskuratu du. Alkate barria «pozik» azaldu da Bilduk garaipena lortu duelako. Dioenez, «herriaren alde lan egiteko asmoagaz» sartuko dira alkatetzara eta «herritarren beharrizanei» erantzuten ahaleginduko dira.
Muxika. Eusko Alderdi Jeltzaleak irabazi zituen atzo Udal hauteskundeak, Muxikan. Bildu koalizioa bigarren indarra izan zen, boto gutxiren aldeagaz. Hori dela eta, launa zinegotzi eskuratu dituzte bi alderdi horiek. Bi alderdi horietako alkategaiek, beraz, alkatetza lortzeko Muxika Garbi plataformaren botoa behar izango dutela iragarri daiteke. Plataforma horrek zinegotzi bakarra eskuratu du oraingoan.
Gautegiz Arteaga. Juan Felix Naberan izango da Gautegiz Arteagako alkate barria EAJ bere alderdiak boto eta zinegotzi gehien eskuratu ondoren. Hain zuzen, 317 boto izan dituzte jeltzaleek eta lau zinegotzi dagozkie. Aurreko Udal hauteskundeekin alderatuta, zinegotzi bat gehiago lortu du EAJk. Bildu koalizioa izan da, EAJren atzetik, boto gehien izan dituena: 235. Hiru zinegotzi eskuratu ditu. Aurreko hauteskundeetan Eusko Alkartasunak eta EAE-ANVk, biek batera, 275 bozka izan zituzten.
Ea. EAJren eskuetatik Bildu koalizioaren eskuetara igaroko da Eako aginte makila. Atzoko hauteskundeetan koalizioak jaso zuen boto gehien. Zehatz esateko, Bilduk 379 boto jaso zituen eta EAJk, aldiz, 253 boto. Horrenbestez, Juan Luis Landazabali emon beharko dio Asier Madarietak (EAJ) aginte makila.
Arratzu. Azken lau urteetan legez, Josu Olano jeltzalea izango da Arratzuko alkatea legealdi barrian. Olanok Udala gidatzeko beste hiru alderdikide izango ditu alboan. Bilduk, bere aldetik, hiru ordezkari lortu zituen atzoko hauteskundeetan. Guztira, 122 boto lortu dituzte koalizioko kideek. Jeltzaleek, barriz, 171 lortu dituzte, orain dela lau urte baino hamar boto gehiago. PSE-EE eta PP alderdiek, euren aldetik, ez dute botorik jaso.
Morga. Iñaki Uribe jeltzale beteranoa nagusitu da barriro Morgako Udal hauteskundeetan. Alkatetzarako lehia handia izan da EAJren eta Bilduren artean. 29 botoko aldeagaz irabazi dute jeltzaleek.
Nabarmentzekoa da herritarren %83k eman dutela botoa. Azken lau urteetan EAJren zazpi zinegotzik osatu dute udalbatza. Orain EAJk lau ordezkari izango ditu, eta Bilduk hiru.
Mendata. Datozen lau urteetan be Eusko Alderdi Jeltzaleko Joseba Mallea izango da Mendatako alkatea. Erraz lortu dute garaipena jeltzaleek, 174 boto eta udalbatzan bost aulki eskuratuz. Bilduk, bere aldetik, 96 boto eskuratu ditu. Ondorioz, bi ordezkari lortu ditu. Orain arte hiru zinegotzi izan ditu EAk herrian. Azken hauteskundeekin alderatuz, EAJk 24 boto gehiago lortu ditu. Bilduk ez ditu hobetu EAk 2007an lortutako emaitzak.
Kortezubi. Txomin Bilbao jeltzaleak gidatuko du Kortezubiko Udala beste lau urtez. EAJk 167 boto eskuratu zituen atzoko hauteskundeetan, eta alderdi horretako lau ordezkarik gidatuko dute Udal gobernua hemendik aurrera.
Bilduk, barriz, 135 boto lortu ditu. Horrela, hiru ordezkari izango ditu koalizioak Kortezubiko Udalean.
Errigoiti. Beste behin, Iñaki Madariaga EAJren ordezkaria izango da Errigoitiko alkatea. Izan be, EAJrena izan zen zerrendarik bozkatuena atzoko hauteskundeetan. Guztira, 196 boto eskuratu zituzten jeltzaleek. Bi alderdik osatuko dute oposizioa: Bilduk eta SOS Errigoitik. Lehenengoak 138 boto eta bi ordezkari lortu ditu. Herritarren plataformak, bere aldetik, 2007an baino boto gutxiago lortu ditu. Orduan 108 boto eskuratu zituen, eta oraingoan 82 lortu ditu. Ondorioz, ordezkari bakarra izango du Udalean.
Ajangiz. 208 boto lortu ostean, Bildu koalizioak gidatuko du Ajangizko Udala datozen lau urteetan. Erraz eskuratu du alkatetza Mikel Ander Zubizarreta gazteak gidatzen duen taldeak. Bilduk EAJren botoak bikoiztu zituen atzoko hauteskundeetan. Izan be, koalizioak 208 boto lortu ditu, eta jeltzaleek 93.
Busturia. Miren Fatima Malaxetxebarria Bildu koalizioko zerrendaburua izango da Busturiko alkate barria. 586 herritarren botoa jaso du EAk, Alternatibak eta independenteek osatutako koalizioak. Sei zinegotzi dagozkio. Eusko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) 2007ko Udal eta Foru hauteskundeetan izan zituen emaitzak baino txarragoak izan ditu aurten. Atzo 369 boto izan zituen eta hiru zinegotzi eskuratu, orain arte zituenak baino bat gutxiago.
Forua. EAJk eskuratu ditu aurten be boto gehien Foruan. Halanda be, Bildu koalizioak oso gertutik jarraitu dio. Jeltzaleek 323 boto eskuratu dituzten bitartean, aurten lehenengoz aurkeztu den koalizioak 316 boto izan ditu.
Ereño. EAJ nagusitu da 2011ko Udal eta Foru hauteskundeetan Ereñon, alde handiagaz, gainera. 142 boto lñortu dituzte jeltzaleek herri horretan, bigarren indarrak, Bilduk, 55 lortu dituen artean. Hortaz, Joseba Zarrandikoetxea izango da alkate hurrengo legealdian. Hautetsiei dagokienez, bost zinegotzi lortu ditu EAJk, eta bi Bildu koalizioak.
Sukarrieta. EAJ nagusitu da, aurten be, Sukarrietan. Orain arte bezala, gainera, Peru Sainz-Bizkaia izango dute alkate herrian. 115 boto izan ditu –aurreko Udal hauteskundeetan baino baino bost gutxiago– eta lau zinegotzi, 2007an baino bat gutxiago.
Bilduk zinegotzi bi lortu ditu (78 boto) eta Sukarrieta Berpiztu alderdi berriak, bestalde, zinegotzi bat eskuratu du (45 boto).
Murueta. Murueta Independente Taldeak irabazi ditu hauteskundeak aurten be, azken urteetako joerari jarraituz. Jabier Ondarza izango dute alkate ostera be, beraz, muruetarrek. 172 boto eta sei zinegotzi eskuratu ditu Ondarza buru duen MIT alderdiak, 2007an baino bederatzi boto gehiago. EAJk kontrako joera daroa; 47 boto izan ditu eta zinegotzi bakarra izango du.
Mundaka. EAJ nagusitu da aurten be Mundakan, alde handiagaz, gainera. 756 boto eskuratu ditu (sei zinegotzi). Bildu koalizioak 451 boto izan ditu (hiru zinegotzi). Unai Rementeria izango da, beraz, barriz be bertako alkate. 2007ko Udal eta Foru hauteskundeetan 582 boto izan zituzten jeltzaleek. Eusko Alkartasunak, barriz, 336 jaso zituen eta legez kanpo utzi zuten EAE-ANVk, bestalde, 194; guztira, 530.