Emakumezko batek hartuko du hurrengo agintaldian Xabier Legarreta jeltzalearen erreleboa Bermeoko alkatetzan, 4.419 boto lortu baititu Idurre Bideguren buru duen Bilduren zerrendak. EAJk, aldiz, 3.985 boto lortu ditu 2011ko Udal eta Foru hauteskundeetan; koalizioak baino 434 gutxiago, zehazki. Horrenbestez, Bilduk Bermeon bertan egindako ekitaldi nazionalean Pello Urizarrek esandakoa bete egingo da; alegia, Madalen egunean Idurre Bidegurenek botako duela teila Izaro aurrean. Jasotako botoen arabera, bederatzi zinegotzi izango ditu Bilduk Bermeoko Udalean, EAJk bat gutxiago izango duen artean. Aralarrek, PSE-EEk eta PPk, bestalde, ez dute ordezkaritzarik izango datozen lau urteetan, 386 boto, 236 boto eta 130 boto lortu baitzituzten atzo, hurrenez hurren. Kafe Antzokian ospatu dute Bildukoek hautestontzietan lortutako garaipena. Bideguren be han izan zen, pozarren. Boto zenbaketa amaitu eta gutxira esan duenez, «Bermeoko alkate izatea ohore bat da eta hori lortzen duen lehenengo emakumea izatea, are gehiago». Bideguren oso pozik agertu da lortutako emaitzekin. Gaurko eguna «ospatzekoa» dela esan du bermeotarrak: halanda be, aurrerantzean lan gogorra egiteke dagoela be aitortu du. Lan guzti hori ondorengo lau urteetan «ahalik eta hoberen» egiten saiatu behar direla be adierazi du. «Nik uste dut herritarrengana gehiago hurbilduz gero, emaitza positiboak lortuko ditugula; hemendik lau urtera, gainera, are positiboagoak», adierazi du ondorengo lau urteetan Bermeoko [...]
Emakumezko batek hartuko du hurrengo agintaldian Xabier Legarreta jeltzalearen erreleboa Bermeoko alkatetzan, 4.419 boto lortu baititu Idurre Bideguren buru duen Bilduren zerrendak. EAJk, aldiz, 3.985 boto lortu ditu 2011ko Udal eta Foru hauteskundeetan; koalizioak baino 434 gutxiago, zehazki. Horrenbestez, Bilduk Bermeon bertan egindako ekitaldi nazionalean Pello Urizarrek esandakoa bete egingo da; alegia, Madalen egunean Idurre Bidegurenek botako duela teila Izaro aurrean.
Jasotako botoen arabera, bederatzi zinegotzi izango ditu Bilduk Bermeoko Udalean, EAJk bat gutxiago izango duen artean. Aralarrek, PSE-EEk eta PPk, bestalde, ez dute ordezkaritzarik izango datozen lau urteetan, 386 boto, 236 boto eta 130 boto lortu baitzituzten atzo, hurrenez hurren.
Kafe Antzokian ospatu dute Bildukoek hautestontzietan lortutako garaipena. Bideguren be han izan zen, pozarren. Boto zenbaketa amaitu eta gutxira esan duenez, «Bermeoko alkate izatea ohore bat da eta hori lortzen duen lehenengo emakumea izatea, are gehiago». Bideguren oso pozik agertu da lortutako emaitzekin. Gaurko eguna «ospatzekoa» dela esan du bermeotarrak: halanda be, aurrerantzean lan gogorra egiteke dagoela be aitortu du.
Lan guzti hori ondorengo lau urteetan «ahalik eta hoberen» egiten saiatu behar direla be adierazi du. «Nik uste dut herritarrengana gehiago hurbilduz gero, emaitza positiboak lortuko ditugula; hemendik lau urtera, gainera, are positiboagoak», adierazi du ondorengo lau urteetan Bermeoko alkate izango denak.
Herritarrek Bilduk aurkeztutako proiektua eta mezua haintzat hartu dutela uste du Bidegurenek. Azken finean, alderdi politikoak «ilusioa sortzeko eta arriskuei aurre egiteko» daudela dio bermeotarrak. Orain, herritarrek erakutsitako konfiantza horren mailan izan behar direla adierazi du.
EAJk ia 4000 boto
Xabier Legarretak, bere aldetik, «hauteskundeetan galtzea pena bat izan da», esan du. Halanda be, lortutako boto kopuruari dagokionez, pozik agertu da Legarreta. Izan be, duela lau urte 3400 boto inguru lortu zituen; aurten, ostera, ia 4000 boto eskuratu ditu. Horregatik, «harro» dagoela esan du azkenengo lau urteetan Bermeoko alkate izan denak, eta hori be «eskertzekoa» dela adierazi du. «Orain, denak batera Bermeogatik lan egiten jarraitu behar dugu», azaldu du Legarretak.