Botoa emotera joan dira hainbat herritar, eta hautes-eskolak jendeagaz ikusi dira goizean. Arratsaldeko lehen ordurako, bestalde, parte-hartzea handia izaten ari dela ondoriozta daiteke Busturialdeko Ezker Abertzaleak emondako datuen arabera. Mundakan, kasurako, %70ak botoa emonda zuen 16:45rako. Ajangizen, 14:00etarako %63ak zuen botoa emonda; Forun, 16:30erako %62ak eta Morgan %60a, 16:00etarako.
Gernika-Lumon be jendea ibili da goizean hautes-eskoletan, eta Pasealekuko hautes-mahai bateko erroldaren herenak botoa emonda zuen 12:00etarako.
Salaketak
Baina bestelakoak be utzi ditu udal eta foru hauteskundeetako egun honek; izan be, zenbait arazo salatu ditu Bilduk Busturialdean. Foruan, esaterako, posta bidezko botoetan irregulartasunak egon direlakoan, helegitea jarri du koalizio horrek, eta hautes-batzordeak onartu egin du.
Errigoitin, bestalde, EAJren alkategaiak Bilduko ahaldunak iraindu dituela salatu dute. Bermeon, barriz, PPko ahaldunek salaketa jarri diete Bildukoei, presoen aldeko pegatinak eramateagatik.
hainbat hautes-eskolatan, gainera, ezin da EHNArekin botoa emon; Sukarrietan eta Gernika-Lumoko Malosteko mahai batean, kasurako.
37.119 herritar daude botoa emotera deituta
Hamabost eguneko kanpaina politikoa amaituta, gaur amaituko dute alderdi politikoek udaletako eserlekuak lortzeko lasterketa. Egutegiak finkatutako epeak hauteskunde guztietakoen berdinak izan diren bitartean, izan dira ezberdintasunak 2003ko eta 2007ko udal hauteskundeen eta aurtengoen artean; duela lau eta zortzi urte aukera guztiek ez baitzuten bozetan egoteko aukera izan. Aurten, aldiz, edozein aukerari botoa emoteko aukera izango da. Busturialdeari dagokionez, 46.056 biztanleetatik 37.119k daukate gaur botoa emoteko eskubidea, hautes-erroldaren arabera. Busturialdeko hogei herrietan, denetara, 166 hautetsi izango dira.
Hautes-errolda, herriz herri:
- Ajangiz: 377
- Arratzu: 329
- Bermeo: 13.641
- Busturia: 1.475
- Ea: 774
- Elantxobe: 376
- Ereño: 270
- Errigoiti: 474
- Forua: 792
- Gautegiz Arteaga: 721
- Gernika-Lumo: 12.773
- Ibarrangelu: 545
- Kortezubi: 349
- Mendata: 316
- Morga: 359
- Mundaka. 1.590
- Murueta: 243
- Muxika: 1.219
- Nabarniz: 198
- Sukarrieta: 298