Josune Ariztondo Aldundiko kultura diputatua eta Luis Ortuzar Gernika-Lumoko EAJko alkategaia, Busturialdean Guggemheim museo barri bat eraikitzearen alde agertu ziren atzo. Ariztondok Gernika-Lumoko Batzokian jakinarazi zuenez, “badakigu Busturialdea non dagoen eta zer behar duen”. Urte asko daramatzate “herritarrak entzuten” eta Guggenheimak “bertoko arazoak” konpontzen lagunduko duela uste du. Hala, museoa eraikitzea “oso garrantzitsua” da.
Diputatuaren esanetan, “eskualdeko kultur ondarea ezagutarazten lagunduko luke Guggenheimak”. Museoaren aurka dauden guztiek, “eraikintxar bat” irudikatzen dute, baina “paisaiagaz bat” egiten duen museoa izango litzateke. Dioenez, “aldundia eskualdeko kultur ondare gehienaren jabe da, eta orain arte lan oso ona egin dugu”. Horregatik, eskualdeko ondarea zaintzen jarraituko dute. Ariztondok nabarmendu zuenez, “ingurugiroa, historia eta kultur ondarea zaindu behar ditugu”. Guggenheima hiru puntu horiekin bateragarria izango litzatekela uste du.
Aldundiak, “turismoa eta kultura” batu gura ditu. Ildo horretatik, Guggenheima “ezinbestekoa” dela deritzo. “Bilboko museoak erakargarri bihurtu gintuen eta Busturialdean berdina gertatuko litzatekela diote ikerketek”. Ariztondoren hitzetan, “nazioartera irtetzeko eta nazioartea erakartzeko” baliatuko dute museoa. Gizarteak kultura gosea duela eta gose horri probetxua atera behar zaiola uste du diputatuak.
Ortuzar Gernika-Lumoko alkategaiak, bestalde, museoaren aldeko apustua egiten dutela esan zuen. Bere hitzetan, “gure helburu nagusiak betetzen lagunduko luke: enplegua sortu eta ekonomia berpiztu”.
Industria berpiztu
Ortuzarrek azaldu zuenez, “Gernika-Lumoko EAJren erronka nagusia enplegua sortzea da”. Horretarako, Aldundiagaz batera
Gernika-Lumo 12-24 plan estrategikoa garatu dute industria sektorea indartzeko. Plan horrek 217.000 metro karraturen egokitzapena egitea eta lau urte barru enpesentzako elkartegi bat martxan izatea aurreikusten du besteak beste. Ortuzarren hitzetan, “ordurako, Autzaganeko tunelak amaituta egongo dira eta Gernika-Lumok zerbait eskaini behar du enpresak erakartzeko”.
Alkategaiak azaldu zuenez, plan estrategikoa “tresna modernoa eta ezinbestekoa” da. Gernika-Lumo berpizteko “oinarrizko elementua” izango dela uste du. Industrigunea berpizteko EAJren proiektua Gernika-Lumoko Batzokian izango da hauteskunde egunera arte.
PSE-EEren jarrera
PSOE-EEren jarrera be kritikatu zuen Ariztondok. Proiektua atzeratuko dutela, baina aurrera egingo dutela esan zuen. Kultura diputatuak salatu zuenez, Jose Antonio Pastor Aldundirako hautagaiak ez du zuzen jokatzen eskualdeagaz. “Artzaina Sukarrietan izan zen duela gutxi, baina badaezpada, ez zuen aipatu horren famatua den paradore nazionala”. Era berean, Astrara bideratu behar zituzten milioi eta erdi euro ingurutik, Udalak zentimorik ez duela ikusi kritikatu zuen.