Euskaraz bizitzeko politika eraginkorra eskatuko dute barikuan
Euskal Herriak euskaraz bizitzearen aldeko hautua bere egin eta hedatuko duten hautagaiak eta ordezkariak behar dituela aldarrikatu du Busturialdeko Euskal Herrian Euskarazek (EHE). Hala, domekan egingo diren udal eta foru hauteskundeetan euskarari leh...
Euskal Herriak euskaraz bizitzearen aldeko hautua bere egin eta hedatuko duten hautagaiak eta ordezkariak behar dituela aldarrikatu du Busturialdeko Euskal Herrian Euskarazek (EHE). Hala, domekan egingo diren udal eta foru hauteskundeetan euskarari lehentasuna emongo dioten ordezkariak hautatzeko eskatu gura die talde horrek eskualdeko herritarrei.
Horretarako, dei egin diete barikuan, 18:30ean, Gernika-Lumoko udaletxe aurrean egingo duten elkarretaratzeagaz bat egiteko. Hain zuzen, «euskaraz bizitzeko hizkuntza politika eraginkorra» eskatuko du Euskal Herrian Euskarazek. «Euskal Herri osoan euskara lehentasunezko izatera eraman eta herritarrok euskaraz bizitzeko eskubidea bermatuko duen ofizialtasunaren alde egin behar dute ordezkari nahi izan duten horiek».
UEMAren aldeko apustua
Maiatzaren 22ko udal eta foru hauteskundeetan herritarren babesa eskatzen ari diren hautagaiak euskaldunak izatea «oinarrizkoa» da. Eta zonalde euskaldunetako udaletarako hautagaiek UEMAren aldeko apustua egin behar dutela esan du EHEk, «UEMAren bidez posible baita udaleko bizitzaren alor guztietan euskaraz funtzionatzea, eta euskaraz bizi den herriaren erakusleiho izanik herri euskaldunaren birusa inguruan hedatzea».
Hori guztia dela eta, Euskal Herrian Euskarazek dei egiten du aipatutako irizpideak kontuan hartzeko eta botoa emoteko edo ez emoteko orduan esandakoak gogoan izateko.