Herri bizia gura du Gautegiz Arteagako Bilduk, bizi kalitatea eta ekonomia hobetuz
Herria eta herrigintza garatzea helburu duen programa aurkeztu du Gautegiz Arteagako Bilduk. Hiru ardatz izango ditu: herri sentimendua indartzea, bizi kalitatea hobetzea eta arlo sozioekonomikoari errentagarritasuna ateratzea.
Herrigintza egin gura du Bilduk, orain arte egindako lanean oinarrituta. Bizilagunentzako «herri bizia eta kalitatezkoa» gura dute. Hori lortzeko, gainera, aipatutako hiru ardatzak elkar lotuta joan beharko dutela azaldu du Gautegiz Arteagako Bilduk.
Halanda be, herri garapenerako herritarren parte-hartzea ezinbestekoa dela aipatu du alderdi politikoak.
Herritarren parte-hartzea
Komisio irekiak sortzea proposatu du Bilduk, politikoak, herritarrak, taldeak eta elkarteak batzeko. Herritarron Kontseilua legoke, beraz, herrian; eta ekainean eta abenduan batuko litzateke, Bilduk proposatutakoaren arabera. Gainera, urtean behin osoko bilkura Kanalan egin beharko litzatekeela uste dute, Udala auzoetara hurbiltzeko asmoz.