Ibarrangeluko Armenduren hautagaitzak “herria eraikitzen” jarraitu gura du datzoen lau urteetan. Azkenengo legealdia gobernuan egin ostean, “bide berdina” jarraitu gura dute, “denontzat” behar eginez. Hautagaitza, auzo guztietako herritarrekin osatu dute “Ibarrangeluren alde” lan egiteko. Armendukoek, gustora bizi gura dute herrian eta horretarako “herritar guztiak” dira garrantzitsuak. Hala, udal taldearen lema,
Ibarrangelu danon artean da.
Herriko arazoak konpontze aldera, esparru guztiak kontuan hartzen dituen herri programa osatu dute. Gizarte gaiak, azpiegiturak, kultura, euskara, hezkuntza, gazteria, enplegua… izan dituzte kontuan besteak beste.
Udal alderdiaren lan ildo nagusietako bat, auzoak eraberritzea eta egoera onean mantetzea da. Saneamendua falta duten auzoetan, esaterako, arazo hori konpondu gura dute. Laidan, bestalde, argiteria eta sarbideak hobetu gura dituzte. Auzo horietan bezala, Akordan be hobekuntzak egin gura dituzte, baina horretarako, hiri antolaketa barrian daude arazoak konpondu behar dituzte lehenengo. Era berean, Akordatik Lagara doan bidegorria egin gura dute.
Auzoen hobekuntzagaz lotuta, herriaren hirigintza antolaketa orokor barria egin gura dute, eta lur publikoa lortzeko aukera aztertuko dute.
Zerbitzu sozialen arloan, orain arteko proiektuekin jarraitu gura dute, baina ez dira horretan geratuko. Izan be, garraio publikoa sendotuko dute eta autobus zerbitzua jarriko dute herriko auzoetara, agintea lortuz gero. Modu berean, familiek duten ume bakoitzeko, diru laguntzak emotea aztertuko dute.
Kultura eta euskararen arloan, kultur etxeak eta euskara batzordeak egiten duten lana babestuko dute. Kultur taldeak laguntzen jarraituko dute eta euskararen normalizazioan pausoak emoteko proiektuak bultzatuko dituzte.
Emakumeak eta gazteriak be, bere lekua dute Armenduren herri programan. Alde batetik, berdintasun politikak mantendu eta bultzatuko dituzte. Enplegu arloan eta arlo sozialean ezinbestekotzat jotzen dute. Bestetik, gazteriaren eskubideak kontuan izango dituzte. Gazteek gune autogestionatu bat izateaz gain, etxebizitza sozialak eta alokairuzkoak izatea bermatu gura dute.
Eskualdeko proiektuak
Eskualde mailako proiektuak be, oso garrantzitsuak dira Armendukoen ustez. Azaldu dutenez, “eskualde mailako proiektuak” bultzatu gura dituzte, alkarregaz “indartsuagoak eta hobeagoak” direlako. Eskualdeko ospitala bultzatu behar dela, zaborrak batzeko amankomuneko zerbitzua bultzatu behar dela, eta hezkuntza, berdintasun eta garraio politika bateratuak garatu behar direla uste dute besteak beste.
Era berean, arlo ekonomikoa dibertsifikatu behar dela uste dute. “Baserritarrak lagundu” behar direla, “industria bultzatu” behar dela eta “turismotik bizi direnak” lagundu behar direla diote.