EAJk “aberrigintzaren alde” lan egiteko konpromisoa hartu du, Iñigo Urkullu Euzkadi Buru Batzarreko (EBB) presidenteak Gernikako Arbolapean jakinarazi duenez. Hilaren 22ko hauteskundeei begira egindako ekitaldian azaldu duen moduan, “herri gisa dagozkigun eskubide historikoak aldarrikatzen jarraituko dugu”. Konponbidearen sustraia Euskadin dagoela uste du, eta “aro berriaren hasieran”, iraganeko ohiturak albo batera uztea eskatu du.
“Estatutua baino urrunago eroango gaituen marko berria ahalbidetuko dugu” esan du EBBko presidenteak. Kroazia, Valonia, Letonia eta Eskozia bezala, Euskadi nazio bat dela defendatu du eta bere alde egiteko konpromisoa hartu du. Urkulluren ustez, “denon artean” eraiki behar da Euskal Aberria. Horregatik, Euskadik hartutako “erabakia errespetatzea” eskatu dio Espainiari.
Urkulluren hitzetan, “orain 30 urte emondako hitza bete dadin eskatzen dugu”. Orduan, euskal herritarrek estatutua bozkatu eta onartu zuen, baina Espainiak “ez du esandakoa bete”. Administrazioak, Euskal Herriaren gehiengoak erabakitakoari begirunerik ez diola agertu kritikatu du. “Estatutua betetzea lortuko dugu, baina ez gara hor geratuko; gehiago gura dugu”. Euskal autogobernua eta erakundetzea bultzatu gura dituzte.
Maiatzaren 23tik aurrera
EBBko presidenteak nabarmendu duenez, “EAJko kargudun guztiek lau konpromiso sendo hartu dituzte aro berriaren atarian”. Azaldu duen moduan, ez dira konpromiso itxiak eta gainontzeko alderdi politikoei bat egiteko eskatu die. Bakea, aniztasuna, euskal aberria eta enplegua EAJren etorkizuneko oinarriak dira, eta “maiatzaren 23tik aurrera”, oinarri horiek defendatuko dituzte.
“Osoko parte-hartze politikorako aukera dagoen honetan”, alderdi guztiek bakearen alde lan egiteko konpromisoa hartu behar dutela uste du Urkulluk. ETAri behin-betiko amaiera eskatu behar zaiola gogoratu du eta bakea hauteskundeetako amu bezala ez erabiltzeko eskatu du. “Bakean bizi den Euskadi bat gura dugu, bortxakeriak, heriotzak eta gorrotoak suntsipena baino ez dakarrelako”.
Bigarrenik, aniztasunarekiko duten konpromisoa aipatu Urkulluk. Bloke eta mutur itxiak “bertan behera” utzi behar direla eta “trantsizio barria” guztien artean eraikitzeko garaia dela esan du. “Akabo euskal hiritar guztien borondate askea baldintzatu nahi izateari eta ez errespetatzeari”.
Lehenengo bi puntuak betetzen direnean, aberrigitzari ekiteko garaia izango da. Urkulluren ustez, Euskadiren autogobernu eta erakundetze prosezua “eraginkorra” izan da, baina pausoak emoten jarraitzeko konpromisoa hartu dute.
Bukatzeko, enpleguaz egin du berba Urkulluk . Bere hitzetan, gizarteak duen “arazo larrienetakoa” da eta irtenbide bat aurkitu behar zaio. Horretarako, biziberritze ekonomikoa eta enpleguaren sorrera bultzatzeko ituna gidatu gura dute. “Gaur egun langabezian dauden 153.115 pertsonen larritasuna bizi dugu”.