Busturiko Bilduk “behetik gora antolatutako herri parte-hartzailea” gura du datozen lau urteetarako. Ildo horretatik, Maiatzaren 22an agintea lortuz gero, “erabaki guneak” sendotuko eta ugarituko dituzte. Horretarako, auzo eta herri batzordeak indartuko dituzte eta herri galdeketak egingo dituzte bizilagunen “beharrizanak hobeto ezagutzeko”. Jakinarazi dutenez, azken lau urteetan ezkerreko independentistek gidatutako udalak hasitako lanari “jarraipena” emon gura diote.
Bilduk, egunerokotasunean eragiten dute “arlo guztiak” izango ditu kontuan. Alde batetik, arlo sozioekonomiko guztiak modu orekatuan bultzatu behar direla uste dute. Izan be, turismoak bakarrik, ez ditu herriko arazo ekonomikoak konponduko beraien ustez. Turismoa modu egokian antolatuz gero, beste arloak bultzatuko dituztela diote.
Hirigintza arloan, plan orokorraren aurrerapenean emondako hasierako urratsak sendotu gura dituzte etorkizuneko Busturia nolakoa izango den erabakitzeko. Mugikortasun iraunkorra bultzatzea, irisgarritasuna bermatzea, auzoetako identitatea mantentzea eta herriko ondarea babestea dira oinarriak besteak beste.
Etxebizitzari dagokionez, etxebizitza babestua, soziala eta alokairuzkoa eskaini behar dela deritzote eta helburu hori lortzeko neurriak hartuko dituzte. Herri programan azaltzen dutenez, “ezkerreko politika egitea, etxebizitza eskubidea herritar guztiei zihurtatzea da”.
Era berean, kultura eta hezkuntza programak euskararen normalizaziorako tresna moduan erabili gura dituzte. Kultura eta hezkuntzaren bidez, “herri euskalduna” marraztuko dute, bide horretan ” herritar guztien iritziak” kontuan hartuz.
Gazteria herriko motorea izateko bidean jartzeko, parte-hartzeko moduak eskaini gura ditu Bilduk. Gazteekin harreman sendoagoa izateko eta herriak bizitza sozial handiagoa izateko asmoagaz, gazte batzorde parte-hartzailea antolatu gura dute besteak beste. Kirol arloan, bestalde, genero berdintasuna, euskara eta lehiakortasun eza sustatzeko lan egingo dute.
Miren Fatima Malasetxebarria alkategaiak, Ziortza Bilbaok, Jone Miren Arrasatek, Isabel Pereak, Berezi Etxebarriak, Gotzon Pujanak, Rodolfo Lartitegik, Maria Goretti Elustondok, Anton Ojinagak, Miren Jaione Arraibik, Miren Nekane Renteriak eta Jesus Larrabasterrek osatzen dute Bilduko zerrenda.
Aurkezpen ekitaldia Altamira auzoko kultur etxean egin zuten eta
bideoa grabatu zuten.