Hautagai guztiak Nestor Basterretxea aretoko taula gainera igota eta txalo artean hasi zuen atzo Bermeoko Bilduk herri programaren aurkezpen ekitaldia. Prozesu luzearen ostean «familia ezberdinak elkartu», eta indarrak metatu ondoren etorkizunera begira «indarrez» eta «ilusioz» blai dagoen taldea aurkeztu zuten. «Esparru ezberdinetako persona zintzoez eta gertukoez osatutako talde aberatsa», Idurre Bideguren zerrendaburuaren berbatan.
Herrian Bildu sortu denetik herenegunera artean ateratako argazkiekin osatu zuten aurkezpena eta, Juan Karlos Agirrek azaldu zuenez, «zazpi osagairekin» egin dute herritik herrirako prestatutako «errezeta». Parte-hartzea eta gardentasuna, genero ikuspegia, euskara, kultura artekotasuna, garapen iraunkorra eta ekologia, ezkerretik eraikitako herria eta naziotasuna dira, hain zuzen, Bermeoko Bilduren ardatzak. Horietan oinarrituta, «herria behetik gora eraikitzen hasi» direla esan zuen Agirrek, «leba-leban asmoetatik ekintzetara» pasatzeko garaia dela nabarmenduz.
Josu Unanuek eta Ana Tere Bengoetxeak emon zuten herri programan jasotakoen barri eta, azaldu zutenez, herritarra erabakiguneetan egotea du Bermeoko Bilduk helburu. Halaber, sei hilabetero Udalaren kudeaketaren inguruko argibideak emoteko konpromisoa hartu zuten.
Bermeo Ueman
Emakumeek Bermeon duten garrantzia aintzat hartuta, bestetik, Parekidetasun saila sortuko dutela azaldu zuten. Herritar guztien ongizatea daukatela xede, oinezkoen bideak sustatuko dituztela, trenbide sarea modernizatzearen aldeko apustua egiten dutela, kultura bultzatuko dutela, Alde Zaharra sustatuko dutela eta langabezia tasari aurre egiteko neurriak hartuko dituztela be aurreratu zuten, besteak beste, Unanue eta Bengoetxea hautagaiek.
Bestetik, euskarak Bildurentzat daukan garrantzia nabarmendu eta, Bermeok Ueman egon behar duela aldarrikatzeagaz batera, euskal hizkuntzagaz konpromiso irmoa daukatela azaldu zuten.
Nestor Basterretxea aretoan bildu zituen mataza eskuz esku pasatu aurretik, zerrendaburuak berba hartu, eta aurrekanpaina «gogorra» izan arren proiektuarengan «gero eta sinesmen handiagoa» daukatela esan zuen. «Etorkizunera begira gaude, errespetuz eta konfiantzaz. Gu ezegonkortzen saiatuko dira, baina gogor eutsiko diogu», esan zuen Bidegurenek.