Jose Luis Bilbao Bizkaiko Ahaldun Nagusia eta Andoni Ortuzar Bizkai Buru Batzarreko (BBB) presidentea, Muxikako Berroja Upeltegian izan dira gaur, Bizkaiko txakolindegiek “Aldundiaren babesa” izaten jarraituko dutela jakinarazteko. Bilbaok azaldu duenez, “Euskadigaz mugakide diren lurraldeek, euren ardoak txakolin marka generikoagaz merkaturatu gura dituzte, legea albo batera utzita”. Ahaldun nagusiaren ustez, Eusko Jaurlaritzaren jarrera “anbiguoa eta nahasgarria” izan da, baina aldundiak “ekoizleen interesak” babestuko ditu.
Azken urteetan, ekoizleek “puntako produktuaren aldeko jarrera” erakutsi dute eta zentzu horretan, sektoreko langileek “diru asko” inbertitu dute etorkizun oparoagoa izateko. Horregatik, “orain arte bezala”, Bizkaiko ekoizleen ondoan jarraituko dutela esan du Bilbaok.
Ahaldun nagusiak azpimarratu duenez, “nire esku dagoen guztia egingo dut txakolin izenagaz kaleratu gura duten ardoaren mehatxuari aurre egiteko”. Bere ustez “ezinbestekoa” da, txakolinak Bizkaiko lehen sektoreak bizirik irautea ahalbidetzen duelako. “Gure garapen iraunkorrerako funtsezkoa den nekazaritza eta abeltzaintza lanbideei eusten laguntzen dute txakolin ekoizleek”.
“Busturialdeak garapen ekonomikoa behar du”
Bilbaok azaldu duenez, “Busturialdeko herritarrek eskualdean lan egiteko eta bizitzeko eskubidea dute”. Horretarako, halanda be, eskualdeko “azpiegiturak eta industria” garatu behar dira besteak beste. Ildo horretatik, Zornotza eta Gernika-Lumo arteko errepide erradialaren lanak esleitu dituztela eta Bermeoko tunela zein saihesbidea laster esleituko dituztela nabarmendu du. Ahaldun nagusiaren hitzetan, “lan horiek pertsonen zein merkantzien garraioa erraztuko ditu”.
Era berean, industria jasangarriaren aldeko jarrera erakutsi gura izan zuen Bilbaok. “Nire konpromisoa eta EAJrena, eskualdean dagoen industria egitura eskasari aurre egitea da” adierazi du. Azaldu duenez, Inama enpresaren hedapenari “irtenbidea” emongo diote eta “enpresa-aukera barriak” sortuko dituzte Muxikan, Gernika-Lumon edo Mendatan.