Bilduren zerrendak baliogabetzearen aurkako protestetan parte hartzera deitu dute
Auzitegi Gorenak maiatzaren 22ko udal eta hauteskundeetara begirako Bilduren zerrenda guztiak baliogabetu ondoren, erabaki horren aurkako elkarretaratzeak egingo dituzte Busturialdean. Bermeon, Busturian eta Gernika-Lumon gaur egingo dituzte protestak, 20:00etan. Goiko Plazan batuko dira bermeotarrak eta udaletxe aurrean busturiarrak eta gernikarrak. Gainontzeko herrietan be protestetara batzeko deialdia egin du Bilduk.
Gorenaren erabakiaren aurrean, Auzitegi Konstituzionalera joko duela azaldu du Bilduk; horretarako, bi egun izango ditu.
Eskualdeko alderdietakoek ez dute begi onez ikusi Gorenaren erabakia. Horien ustez, «demokraziaren alde» egin beharko litzateke.
Herenegun gauean hartu zuen Gorenak koalizioaren zerrenda guztiak baliogabetzearen erabakia, Goreneko 61eko aretoko bederatzi epailek baliogabetzearen alde eta seik kontra egin ostean. Gorenaren gehiengoaren iritziz, «ETAk eta Batasunak zuzentzen eta kontrolatzen» dute EAk, Alternatibak eta independenteek osatzen duten koalizioa. Koalizioaren parte-hartzearen aldeko sei epaileek aipatu dutenez, «konstituzialki eta legalki ezin zaio Gorenaren erabakiari eutsi».
Gauzak horrela, Bilduk Auzitegi Konstituzionalera joko duela adierazi du; helegitea aurkezteko egun bi edukiko ditu, hauteskunde-kanpaina barikuan hasiko baita. Hala, Konstituzionalak ostegun gauerdirako hartuko du erabakia.
«Egoera aldatzea» nahi dute
Bilduren zerrendak baliogabetzearen inguruko erreakzioak batu ditu Hitza-k; besteak beste, Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko Bilduren zerrendaburuarenak, Sagrario Sanchez PSEko zinegotziarenak, Xabier Irazabal Hamaikabateko zinegotziarenak, EAJko Pedro Agustin Juaristirenak eta Aralarreko Karmelo Jaiorenak. Horiek guztiek bat egin dute Gorenaren erabakiaren aurka agertuz.
Gainera, «demokraziaren defentsan» lan egin behar dela uste dute. Hori dela eta, Auzitegi Konstituzionalak «egoera aldatzea» espero dute horiek guztiek. Jaioren arabera, erabaki horren bitartez, epaileak «eskumako politikan» daudela ikusi da. «Horiei ez zaie abertzale mundua egotea interesatzen», gaineratu du. Irazabalen ustean, ostera, «demokraziaren aurka doan astokeria» bat da Gorenak hartutako erabakia.
Juaristik eta Gorroñok aipatu dutenez, ez zuten «espero» Bilduren zerrendak baliogabetuko zituztenik. Baina espero ala ez, Bilduren aurkako epaiak aurrera darrai. Orain, Auzitegi Konsti- tuzionalak Bilduren helegitea onartzen duen ala ez ikusi beharko da. Bitartean, epaileen erabakiak «errespetatu» egin beharko direla dio Sanchezek. Juaristik aipatu bezala, «hemendik aurrera zer gertatuko den jakiterik ez dago».