Astelehenean zabor bilketa sistema barria jarriko dute martxan Muxikan
Muxikako Udalak hilaren 9an jarriko du martxan zabor bilketa sistema barria. Ohar bidez jakinarazi dutenez, zerbitzu barri horren bidez, “herri garbiagoa” izatea ahalbidetuko dute. Izan be, orain arte, Kurtzero auzoan, Ugarte auzoan eta Ast...
Muxikako Udalak hilaren 9an jarriko du martxan zabor bilketa sistema barria. Ohar bidez jakinarazi dutenez, zerbitzu barri horren bidez, “herri garbiagoa” izatea ahalbidetuko dute. Izan be, orain arte, Kurtzero auzoan, Ugarte auzoan eta Astelarra auzoan baino ez zeuden era guztietako edukiontziak.Beste auzo guztietan, bestalde, herritarrek kalean uzten zuten zaborra, udaleko beharginek batzeko.
Zabor bilketa zerbitzu “garbiagoa eta onagoa” eskaintzeaz gain, udalak “birziklatzeko erraztasunak” emon gura dizkie herritarrei. Horretarako papera, beira, pilak, etxeko olioa zein zabor organikoa batzeko edukiontziak jarriko dituzte.
Birziklapena errazteko asmoagaz, gainera, udalak zerbitzu barritzaile bat jarriko du martxan. Udaleko beharginak negutegietako zein baserrietako plastikoak batzeko, herritarrek 94.625.27.01 telefonora deitzeko aukera izango dute.
Herritarrak zabor bilketa zerbitzu barrira ohitzeko asmoagaz, hilaren 23a arte, sistema barria eta zaharra uztartuko dituzte Muxikan. Bestalde, eskuorriak banatu dituzte sistemaren inguruko azalpenak emoteko eta birziklatu daitezkeen produktuen inguruko gida kaleratu dute herritarrei lana errazteko.
Muxika lehenengoa
Muxika sistema barria ezarriko duen lehenengo herria izango da, baina Arratzuk, Kortezubik eta Mendatak be, eredu bardina ezarriko dute maiatzean zehar. Lau herrien artean, Busturialdeko Mankomunitatea sortu zuten zabor bilketaren arazoari irtenbidea emoteko. Izan be, herriotan antzeko arazoak zituzten zaborra batu eta birziklatzeko.