Espainiako Auzitegi Nazionalak 439 urteko espetxe zigorra jarri die Abdu Willy eta Raageggesey Adji Haman-i, 2009an Alakrana Bermeoko atunontzia bahitu zutela egotzita. Indiako Ozeanoan izan zen bahiketa, Somaliako uretan, kostatik 375 miliara. Hain zu...
Espainiako Auzitegi Nazionalak 439 urteko espetxe zigorra jarri die Abdu Willy eta Raageggesey Adji Haman-i, 2009an Alakrana Bermeoko atunontzia bahitu zutela egotzita. Indiako Ozeanoan izan zen bahiketa, Somaliako uretan, kostatik 375 miliara. Hain zuzen, 2009ko urriaren 2an bahitu zuten eta azaroaren 17an askatu.
Duela aste batzuk egin zuten epaiketa, eta amaieran Jesus Alonso Auzitegi Nazionaleko fiskalak 220 urtetik 438 urtera igo zuen zigor eskaera. “Ohartu behar dute egin duten minaz eta beraiei ez diegula inoiz egingo beraiek egindakoa”, zioen fiskalak.
Defentsak absoluzioa eskatu zuen bi auzipetuentzat, piratak ez baizik eta beraiek ere bahitutako arrantzaleak zirela argudiatuta.
Bahiketa izan zenean 36 arrantzale zeuden Alakrana-n, eta haien artetik zazpi euskal herritarrak ziren, Bermeo, Sestao, Ondarroa, Mundaka eta Santurtzikoak.
47 egun egin zituen Alakrana-k piratek bahituta eta, zabaldu denez, Espainiako Gobernuak 2,7 milioi euro ordaindu zituen erreskateagatik. Hala ere, Maria Teresa Fernandez de la Vega Espainiako orduko presidenteordeak zioen ez zutela bahisaririk ordaindu. Haren arabera, “legea errespetatuz” eta “arrantzaleen bizitza babestuz” aritu zen gobernua.