74 urte beteko dira Gernika bonbardatu zutenetik, eta urteurrena gogoan izango dute hilaren 26an, urtero legez. Gertaera hura, baina, «kultur ekintzen bitartez» gogoratuko dutela esan du Kultur Etxeko zuzendari Rikardo Abaunzak, urteurreneko ekitaldien aurkezpenean. «Kultur ekintzekin erantzun gura diogu bonbardaketari, herria bizirik dagoela erakusteko». Proiektu biziak sortuz, «aktibitatea sortuz», Gernika-Lumo «inoiz baaino biziago» dagoela esan du Abaunzak. Ildo beretik sortu zen aurten antzeztuko duten Gernika sutan herri antzezlana. «Asmo handiko proiektua» dela esan du kultur etxeko zuzendariak, «datorren urtean zerbait anbiziotsuagoa egiteko balio duena». Izan be, bonbardaketaren 75 urteurrena gogoratuko duten horretan kalera 4-5 orduko antzezlana ateratzeko asmoa dute, «pastoral antzeko zerbait, eta herritar gehiagoren parte-hartzeagaz». 150-200 gernikar inguru dira egunotan Gernika sutan antzezlanaren entseguetan parte hartzen ari direnak. Herritarrak protagonista diren kontakizunak 1937ko apirilaren 26an gertatutako bonbardaketak irudikatuko ditu, «baita bonben ondorioz herriak jasan zuen sute ikaragarria be». Hala, «egungo gernikarrok zorigaiztoko egun hartan hil zirenak omendu gura ditugu»; baita egiaren alde saiatu izan dirak be. Egitura musikala du antzezlanak. Herritarren ahoetan kantu bilakatuko diren testuak sortu dituzte, eta Santa Agedako zein Marijesietako doinuak ditu oinarri. Edorta Jimenezek egin ditu testuak, Jon Lopategiren eta Onintza Enbeitaren laguntzagaz. Xabier Amurizaren eta Joseba Sarrionaindiaren testuak be jaso dituzte antzezlanerako. APIRILAK 26. [...]
Espainiako Gerra Zibilean bonbardaketak jasan zituzten Bizkaiko 30 herritako ordezkariak batu ziren atzo arratsaldean Gernika-Lumon, herri horretako bonbardaketaren 74. urteurrena gogoratzeko. Ekitaldia Gernika-Bizkaia 1937-2012. 75 urte gogoan proiektuaren baitan egin zuten eta datorren urteurrenean aurkeztu behar duten dokumentalaren berri emon zuten. Dokumentalaren bitartez, gertakari “gogor” horien berri emon gura dute hiru belaunaldi batuz: bonbardaketa jasan zutenak, horien seme-alabak, eta bonbardaketak bizi ez zuten hirugarren belaunaldiko gazteak. Herri bakoitzeko biztanleen parte-hartzeagaz egiten hasi diren dokumentalak, Gernika-Lumon eta Bizkaiko beste hainbat herritan gertatutakoak “ahanzturatik” atera gura ditu. Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiaren hitzetan, “gure memoria historikoa ez galtzea eta etorkizuneko belaunaldiek bonbardaketa izugarri horien berri izatea gura dugu”. Jesus Rodriguez dokumentaleko zuzendariak azaldu zuenez, “Gernika-Bizkaia dokumentala berritzailea da eta proiektuak bizirik jarraitu behar du”. Bizkaitarrek bizi izan zuten “iragan iluna” azaleratzeko momentua dela uste du eta oraindik, parte-hartzeko aukera dagoela gogoratu zuen. Herri handiak zein txikiak izan, munduak historia latz horren berri izan behar duela azpimarratu zuen dokumentaleko zuzendariak. Zerrenda luzera gehitu diren azkenengo herri bonbardatuak Gautegiz Arteaga, Bilbo eta Turtzios izan dira. Gautegiz Arteagako ordezkariak azaldu zuenez, “hiru helburu” bete gura dituzte proiektuagaz. “Herriak bonbardaketen berri izatea, zorigaiztoko gertakari horien zabalkundea egitea eta gertatutako inoiz ez ahaztea”. Bertoko parte-hartzea Ekitaldian [...]