Faxismoaren biktimak omendu dituzte independentistek
Gernika-Lumo bonbardatu zutela 74 urte beteko direnean, eta domekan Aberri Eguna Gernika-Lumon ospatuko dela aprobetxatuz, faxismoak hildako guztiak omendu zituzten independentistek zapatuan, Gernikako arbolaren aurrean. Hain zuzen, 74 krabelin jarri z...
Gernika-Lumo bonbardatu zutela 74 urte beteko direnean, eta domekan Aberri Eguna Gernika-Lumon ospatuko dela aprobetxatuz, faxismoak hildako guztiak omendu zituzten independentistek zapatuan, Gernikako arbolaren aurrean. Hain zuzen, 74 krabelin jarri zituzten independentisten ikur den zapi berdearen eta ikurrinaren ondoan.”Memoriaren krabelin gorriak”, Independentistak Sareko kide Txutxi Ariznabarretak nabarmendu zuenez.
Gernikan batu ziren, “arbolaren aurrean, independentziaren bandera hartuta gure konpromisoa adierazteko”. “Argi berdea independentziari” aldarrikatuz, bonbardaketan hildakoei, senideei, lagunei eta faxismoaren biktima guztiei eskaini dezaketen “omenaldirik onena” egin gura izan zuten zapatuan. Halaber, Aberi Egunean parte hartzeko deia egin zuten, eta independentista diren guztiei Gernika-Lumora edo Baigorrira joateko deia egin zieten.
“1937ko apirilaren 26an gorroto handiz deuseztatu gura izan zuten” Gernika-Lumo “euskaldunon askatasunaren ikurra” dela esan zuen Independentistak Sareak. Baigorri, barriz, “nafar lurralde batasunaren ikurra” dela esan zuten. Eta, horregatik, bietan batzeko deia egiten dute independentistek.
Datorren urterako deialdia be egin dute, eta 2012ko Aberri Egunean Iruñera joateko deialdia egin dute, Nafarroako Erresuma eta Euskal Herriko hiriburua delako. Gainera, 500 urte beteko dira 1512an Gaztelak Nafarroa inbaditu eta konkistatu zuenetik.