Gernika-Lumoko XVI. Sprint Duatloia-Paul Seco memorialak baditu irabazleak. Aurreikuspenak bete egin dira emakumezkoen kategorian, Ipar Kutxa taldeko Virginia Berasategi bilbotarra izan baita helmugaratzen lehenengoa (1:13:41). Haren atzetik Inmaculada Pereiro eta Tamara Sanfabio sartu dira helmugan, 1:15:37 eta 1:21:46ko denborak eginez, hurrenez hurren. Gizonezkoen kategorian, ostera, Sergey Yakolev errusiarra izan da azkarrena (1:03:30).Victor del Corral katalandarra (1:03:30) eta Raf Baugh australiarra (1:03:40) izan dira bigarren eta hirugarren.
Busturialdeko atletek be marka onak egin dituzte, aurreikuspenak betez kasu horretan be. Eskualdeko nesketan azkarrena Bilbaotri taldeko Inma Ruiz izan da. Gernikarrak laugarren egin du, 1:22:14ko denboragaz. Ozta-ozta ez da sartu podiumean, beraz. Eskualdeko mutiletan azkarrena, bestetik, Kepa Ruiz izan da. Mundakarrak seigarren egin du, 1:03:56ko denboragaz.