Boli Kostan sortutako liskarrak direla eta, herrialde hartan bizi den Aitor Fernandez del Campo arrantzale bermeotarra, haren emazte Nina Youk eta semea Abidjandik atera dezaten zain daude zapatuaz geroztik, egoeraz kezkatuta. Bermeotarrari eta haren familiari babesa agertzeko eta erakundeei handik atera dezaten eskatzeko elkarretaratzea egingo dute bihar, Bermeon bertan. 12:00etan batuko dira, Sabino Arana enparantzan.
23 urteko gazteak hainbat komunikabidetan azaldu duenez, «duela hiru bat urte» bizi da Boli Kostan. Oraintsu Bermeon izan da denboraldi labur batez eta Boli Kostara itzultzean, egoera desatsegin bategaz egin zuen topo; erasoekin, hain zuzen be. Horregatik, arrantzalea eta haren familia Boli Kostatik urten guran daude joan den zapatutik.
Gauzak nola zeuden ikusita, Espainiako enbaxadarekin harremanetan jartzeko ahalegina egin zuen Fernandez del Campok, Boli Kostatik alde egiteko erraztasunak emongo zizkiotelakoan. Halanda be, bermeotarraren esanetan, «ez zion inork deiari erantzun».
Behin eta barriz, porrota
Hori dela eta, Frantziako enbaxadarekin saiatu zen. Frantziakoek «etxean lasai geratzeko eta beraien bila» joango zirela esan zioten. Baina oraindik ez dela bertan «inor» agertu azaldu du bermeotarrak, «zain» daudela gaineratuz. Egoera ikusita, arrantzalearen arreba Amaia Fernandez del Campok Nazio Batuen Erakundeagaz (NBE) harremanetan jartzea lortu zuen.
Gazte bermeotarraren eta haren familiaren bila joango zirela esan zioten. Baina oraindik haien zain be badaude. Barriro be NBEgaz harremanetan jarri zen Aitor Fernandez del Campo, gertatu zenaren barri izatekotan. Gazteak eta haren familiak bizi duten egoera «hain larria ez» dela argudiatu zioten, momentuz «bizirik» daudela gaineratuz. «Hil egin behar al gara gure bila etor daitezen?», ondorioztatu du arrantzaleak NBEren jarrera ikusita.
Gauetan, «tiro hotsak»
Etxean geratzeko esan diete Fernandez del Campori eta haren familiari. Baina erabaki horrek ez du konponbidea ziurtatzen. Izan be, bermeotarraren esanetan, «bi aldiz» sartu dira haren etxean. «Birritan» lapurtu diete eta beste behin pistola buruan jarri zieten. Azken horretan, arrantzaleak 50 euro eman zizkien lapurrei eta modu horretan «lasai» utzi zutela azaldu du.
Egoera horretan «lorik egiten duen inor ez» dagoela aitortu du bermeotarrak. Oheko burkoaren azpian pistola bat duela be esan du arrantzaleak. Gauetan, gainera, «tiro hotsak» entzuten direla aipatu du eta bertako jendea «etxez-etxe ate joka» aritzen dela gaineratu du, herritarrak liskarretara gehitu daitezen eskatuz.